}

Kolibrien eta loreen arteko harreman estu-estua

2003/04/25 Elhuyar Zientzia

Kolibrien mokoen itxurak eta zenbait lore-barietatek elkarrekin eboluzionatu dute Kariben, baina, Darwinen txontekin gertatzen zen antzera, uhartetik uhartera era desberdinean egin dute. Hori azaltzen da Science aldizkariaren artikulu batean. Artikuluaren egileen ustez, uharte horietan selekzioaren presioa oso handia denez, elkarrekiko eboluzioa aztertzeko ‘laborategi natural’ hobezina dira.

Lehen egindako ikerketa baten arabera, St. Lucia uharteko purpura-koloreko kolibri arrari Heliconia hibai izeneko landarearen barietate bat gustatzen zaio; emeak, aldiz, espezie bereko beste barietate bat aukeratzen du, baita arrak baztertzen duen beste espezie bat ere:
H. caribea
.

Oraingo ikerketan, berriz, Dominicako uharteko kolibriak eta landareak aztertu dituzte, eta han juxtu aurkakoa gertatzen da: uhartearen behealdean, H. caribea landarearen bi barietate daude, eta sexu bakoitzak bat aukeratzen du; goialdean, ordea, arrak bakarrik jotzen du H.ibai landarera.

Heliconia landarearen barietate bakoitzaren itxura bat dator sexu bakoitzaren mokoen itxurarekin, eta hori kolibriek har dezaketen
nektar-kantitatearekin lotuta dago. Hori ikusita, elkarrekiko eboluzioa gertatu dela ondorioztatu dute ikertzaileek.

Argazkia: Phil Savoie/Science

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia