}

Kolorea galduta ere, bizirik

2006/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Kolorea galduta ere, bizirik
2006/06/01 | Elhuyar
(Argazkia: NOAA)

Koralak hil egiten dira kolorea galtzen dutenean. Baina ez beti. Espezie batzuek bizirik iraun dezakete kondizioak bere onera itzuliz gero.

Koralek kolorea dute, alga fotosintetiko batzuk itsatsita dituztelako. Alga horiek argiaren energia xurgatzen dute, eta koralak behar dituen elikagaiak lortzen dituzte. Korala bera polipo batek eraikitzen du; horrela, algak lortutako elikagaien truke, euskarri bat eskaintzen die. Baina uraren tenperatura igotzen bada, algak askatu egiten dira. Koralak zuritu egiten dira, eta, elikagairik lortzen ez dutenez, hil egiten dira.

Ez beti, ordea. Estatu Batuetako biologo batzuek artifizialki zuritutako koral batzuk itsasora itzuli zituzten, jatorrizko tokira, eta koralak berpiztu egin ziren. Berpizte hori espezie batzuekin bakarrik gertatzen da. Gakoa koralaren polipoan dago. Algarik itsatsita ez dutenean, bost aldiz plankton gehiago kontsumitu behar dute, baina ez dira hiltzen. Bizirik irauten dute.

1
221
2006
6
016
Biologia; Zoologia
Berriak labur
7