Koloreak ikustearen arrazoi posible bat
2006/02/13 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Primateek koloretan ikusten dute. Horretarako, kono-itxurako zelula bereziak dituzte begian, erretinan. Zelula horiek argi-izpiak bereizten dituzte uhin-luzeraren arabera, alegia, koloreak bereizten dituzte; ondorioz, primateek kolore ezberdinetako gauzak bereiz ditzakete, eta hori abantaila handia izan da eboluzioan. Argi dago. Zientzialariak berak primateak dira, eta, beraz, koloretako ikusmena nola gertatzen den ulertzeaz gain, primateek inguruarekiko elkarrekintzan zer abantaila dituzten ere ulertzen dute.
Baina, hein handi batean, zientzia zergatik eta zertarako galdetzearen artea da, eta, bide horretan, zientzialariek urrats bat gehiago emateko asmoa dute koloretako ikusmenaren esparruan: koloretako ikusmena eboluzioan zertarako garatu zuten galderari erantzun nahi izan diote. Agian, galdera hori ez dago modu egokienean eginda, eboluzioak ez baitu intentziorik. Baina beste nolabait egin liteke galdera bera: zerk eragin zuen koloretako ikusmenaren arrakasta?
Gaur egun, erantzun bat baino gehiago plazaratu dute zientzialariek. Hipotesi onartuenetako baten arabera, koloretako ikusmenaren abantaila bat janariari antzematea da, fruta-arboletako frutei, adibidez. Are gehiago; koloreak janariaren egoeraren berri ere ematen dio primateari, fruta hori heldua edo heldugabea den, esate baterako. Baina erantzun hori ez da bakarra.
Orain plazaratu duten beste hipotesi baten arabera, koloretako ikusmenaren arrakasta aurpegien ezagutzak eragin zuen. Estatu Batuetako Caltech ikerketa-zentro ospetsuko ikertzaile batzuek egin dute proposamen hori, eta azalaren kolorean oinarritu dira horretarako. Azalaren kolorea azal azpiko odolaren arabera aldatzen da, odolaren kolorearen zein kantitatearen arabera. Beharbada, ez dira oso aldaketa bortitzak, baina primateek ondo antzematen diete. Hain zuzen ere, primateek aldaketa emozionalak 'irakurtzen' dituzte besteen azalak kolorez aldatzean; ikara sumatzen dute, adibidez, aurpegi zurbila ikustean. Caltecheko zientzialarien arabera, primateen ikusmena bereziki sentikorra da kolore-aldaketa horiekiko. Esperimentu asko egin dituzte hori baieztatzeko.
Baina, azkenean, zertan lagundu zuen koloreak bereizteak? Elikagaiak bilatzen? Aldaketa emozionalei antzematen? Auskalo. Zaila da esaten. Ikerketek aurreko hipotesiak izaten dituzte kontuan, eta ez dituzte beti arbuiatzen. Eta, kasu honetan, beste hainbatetan bezala, zientzialariek zuhur jokatu dute. Badirudi ikerketa honen arabera emozioak antzemateak garrantzi handia izan zuela koloretako ikusmena garatzean. Baina beste hipotesi bat da, besterik ez.