}

Kometak ordenagailuen ikusmiran

2001/07/29 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia


Zer uste zenuten bada? Halley-ren garaiko lana zela bakarrik kometak aurkitzea, ala? XXI. mendean ere badaude oraindik kometak aurkitu nahian dabiltzanak, baina orain teleskopioak zuzenean erabili ordez ziberbehatzaileak ditugu.

Teleskopiorik gabe espazioa arakatzen? Bueno, egia da aurreko esaldia ez dela guztiz zuzena. Baina uztaileko Astronomy aldizkariak dakarren artikulu batean agertzen den bezala, gaur egun ordenagailuak elkarri komunikatuta daude; eta horrela zure eskura dituzu, irakurle, munduko espazio-teleskopiorik handienek jasotako datuak etxean aztertzeko aukera.

Jakin-minez? Eman dezagun etxeko baratzetik zure teleskopioz aritu beharrean zure eskura dituzula munduko azken teknologiaz garatutako teleskopiorik onenak. Palomarreko 200 hazbeteko teleskopioa, Hubble espazio-teleskopioa edo SOHO proiektua. Bada hori da, hain zuzen ere, hainbat astronomiazalek aurkitu berri dutena.

Michel Oates da horietariko bat. Hamabost urtez aritu zen bere Manchesterreko etxetik zerua arakatzen eta beti izan zuen kometaren bat aurkitzeko betegabeko ametsa. Eta amets hori egia bilakatu zen. Orain bere etxeko ordenagailutik zuzenean egunero 100 megabyte baino gehiago jaisten ditu SOHOk (Eguzkiaren eta heliosferaren behatzailea) bildutako datuetatik. SOHO, ESA eta NASAk elkarlanean garatutako 1.200 milioi dolarreko (210.000 milioi pta./8.400 milioi libera) misioa da. SOHO Eguzkiaren behaketarako misioa da, eta hiru tresnak Eguzki barneko datuak biltzen dituzte eta beste bostek Eguzkiaren atmosfera ikertzen dute koroagrafoak erabiliz.

Kuiperren gerrikoko objetuak. Lekuz aldatzen direla ohartu ziren ikertzaileak.

Michael Oates-ek ehun kometatik gora aurkitu ditu dagoeneko, eta oraindik gogoan du 2000ko ekainaren 6a: egun hartan 6 kometa berri aurkitu zituen. Michael Oates amateurra da, ez du dirurik jasotzen bere aurkikuntzengatik eta ez da inongo kongresuetara joaten. Baina berarentzat guztiz pozgarria da egiten duen lana, eta, gainera, aurkikuntzaren aitorpena jasotzen du.

SOHOren kamerek koroara hurbiltzean desagertzen diren hainbat kometa iheskor jasotzen dituzte. Oates-ek bere ordenagailuan hainbat irudi batera aztertzen ditu eta horrela kometa horien ibilbidea ikus daiteke desagertzen diren arte.

Eta zer behar da horretan aritzeko? Ez gauza handirik, nahikoa dira etxeko ordenagailua eta modema izatea, mundu zabaleko hainbat teleskopioren irudiak edozeinen esku jarri baitituzte.

Institutuetara ere zabaldu da berria. David Kolin-ek ez zuen astronomiari buruzko inolako ezagutzarik, baina, irakaslearen laguntzaz, 1999an Rho Cassiopea izar hori aldakor supererraldoia aztertzen hasi zen, Ameriketako Izar Aldakorren Elkarteak 12 urtean bildutako datuak erabiliz. Ikasleak datuak alderatu eta denboran zehar izarraren koloreak eta distirak izandako aldaketak aztertu zituen. Uda-bukaerarako Kolin-en etxeko lanak ez ziren ez ohikoak: 820 eguneko periodoa duen pultsazio-ziklo nagusia eta 380, 510 eta 645 eguneko bigarren mailako periodoez ohartu zen. Gainera, koloreei dagokienez, izarra bere azkenetan dagoenez horitik gorrira eta beltzetik horira aldatzen da. Orain Kolin Montrealeko unibertsitatean ari da astronomia ikasten.

Antzekoa gertatu zitzaien Kaliforniako McCurdy, Gustafson eta Petersoni. Puntuak lortzearren, "Astronomiaren hastapenak" izeneko ikastaroan eman zuten izena. Hor, astronomiako datuak nola lantzen diren ikasten zebiltzala, Txileko Tololo behaketa-zentroko datuak jaso zituzten. Irudiak aztertzean, lekuz aldatzen ari zen objektu bat aurkitu zuten. Baina aztertzen ari ziren Neptunoren orbita baino askoz urrutiago zegoen aurkitutako elementua. Kalkuluak egin eta Pluton baino urrunago zegoela ohartu ziren. Horrela aurkitu zuten Kuiperren gerrikoko ezagutzen diren 100 objektuetako lehenengoa.

Datuak trukatzearen helburua

Hale-bopp kometa Hubble espazio-teleskopioak hartutako irudian.

Datuak jendearen eskura uzteak badu arrazoi garbia. Izan ere hainbat eta hainbat proiektu aurrera doaz munduko hainbat lekutako ikerketa-taldek bultzatuta. Banan-banan oso interesgarriak diren arren, benetako garrantzia datuok trukatzeko aukera dagoenean hartzen dute. Hori dela eta, informazio hori guztia zientzialarien esku jartzeko asmoz sortu zen Behaketa Birtualetarako Behatokia (NVO, National Virtual Observatory). Horrela, nazioarteko astronomo, fisikari eta abarrek batera astronomia egiteko modu berria zabaldu da. Proiektuaren bukaeran munduko astronomia-artxibo handienak elkarrekin konektaturik izango dira, eta edonork erabili ahal izango ditu datu horiek etxean Interneterako konexiorik badu. Proiektuaren bukaera oraindik luzerako da, baina bitartean hainbat datu-base osatzen doaz.

Horietariko datu-base bat da SkyView. 1994an Hubble espazio-teleskopioaren irudiak eskaintzen hasi zen. Erabiltzaileek zeruko puntu edo objektu bat aukeratu, eta SkyView-k eskualdearen irrati-uhinen mapa edo gamma-izpien irudia ematen du. SkyView-ren datuak erabiliz, Gnaedig eta Doppler aleman ziberastronomo amateurrek AN10 asteroideak gutxienez 2076 urtera arte ez duela Lurra joko ziurtatu dute. Lasaitasuna ekarri digute behintzat.

Ikus dezakezuenez, ez da makala ziberteleskopioek eskaintzen duten aukera. Are hobea etxeko epeltasunetik, zerua estalita dagoenean ere unibertsoa ikus daitekeenean.

7K-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia