Kometaren leherketa
2001/05/22 Elhuyar Zientzia
Iaz LINEAR izeneko kometa bat lehertu zen, hain zuzen ere, C/1999 S4 kometa. Aurten, LINEAR teleskopioz lehen aldiz Mexiko Berrian urtarrilaren 3an ikusitako beste kometa bat ere lehertzen ari da. LINEAR berri horren izena C/2001 A2 da eta irudian azaltzen dena da. Lehertzeko unean, kometa berriaren distira hainbeste handitu zen, ezen ia begi hutsez ikusi ahal izan zen. Azken behaketen arabera, leherketaren ondorioz sortutako bi nukleotatik bat berriro lehertu egin da. Banandu zen lehenengo zatia goialdeko ezkerrekoa da; eskuinekoa, aldiz, luzatuta azaltzen da bigarren leherketa dela eta.
Kometa baten nukleoa banatzen denean, azal berria geratzen da agerian eta lehen harrapatuta zituen izotzak eta gasak lurrundu egiten dira. Ondorioz, distira handia igortzen du. Kometa hori begi hutsez edo edozein gailu optiko xumeri esker ikusi ahal izango da ekainaren hasieran.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia