}

Komunetako hondakinak koralen kaltetan

2002/08/13 Elhuyar Zientzia

Floridako kostaldeko koralak gizakion gorozkietako bakterio eta birusez josiak daudela iragarri berri du ikerketa batek. Azkeneko bost urteotan Floridako koralen erdia desagertu egin da, eta munduan zehar egoera ez da askoz hobea. Zergatien artean, poluzioa, gehiegizko arrantza eta klima-aldaketa aipatu dira, baina Floridako zenbait agintarik ez dute etxeetako hondakin-urez deus aditu nahi izan. Ur horiek koralak dauden tokietaraino irits daitezkeela uste da, baina oso zaila da haiek detektatzea. Horregatik, Georgiako Unibertsitateko ikertzaileek gizakion gorozkietako bakterio eta birusetan ipini dute arreta.

Itsasertzetik hurbil dauden koralen 15 lagin hartu eta bederatzi gorozkietako bakterioekin kutsatuta daudela ikusi dute; birusak 14tan agertu dira. Hondakin-urek koraletan duten eragin zuzena ez dute oraindik aztertu, baina jakina da gorozkietako bakterioek koralak hiltzen dituen gaitz bat gutxienez sortzen dutela. Bestalde, hondakin-urak koralak hiltzen dituzten algentzako elikagai-iturri ere izan daitezke.

Ikerketaren arduradunek salatu dute Floridako harea-uharteetan (Cayo direlakoak) 24.000tik gora hobi septiko eta 10.000 legez kanpoko putzu beltz baino gehiago daudela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia