KONDIA eta ONA, 22 BIEMH-en sarituak
2002/03/14 Lasa Iglesias, Aitziber - STEAM Hezkuntza arloko arduraduna
Txirbil-harroketaren arloko sariak izan dira biak. Kondiak Abiadura eta doitasun handiko mekanizazio-zentroa, P60-V2, proiektua aurkeztu zuen lehiaketara eta "pieza osoaren armoniari, diseinuak azaleratzen duen segurtasun, ergonomia, teknologia eta komunikazioaren arteko orekari" eman diote saria. Bestalde, ONAk "diseinuan oinarritutako estrategia globalari esker, bere produktuaz eta bere komunikazio elementuez baliatuz, enpresa koherente eta berriztatzailearen irudia ematen duelako" jaso du berea.
Hamabi izan dira lehiaketara aurkeztu diren proiektuak; metalaren eraldaketarako proiektuak denak; bederatzi txirbil-harroketaren arloan eta beste hiru deformazioarenean. Deformazioaren arloko saria ez zaio inori eman.
Kondiak mekanizazio-zentroak eta fresatzeko makinak fabrikatzen ditu eta P60-V2 2002an atera duten mekanizazio-zentro berria da. Diseinu sendoko makina, osagaien artekan armonia duena eta barreiadura-sentsaziorik sortzen ez duena. Bestalde, koloreen aukera egiterakoan, egonkortasuna eta produktu teknologikoaren ezaugarriak erakutsi nahi izan dira.
ONAk elektrohigadura-makinak egiten ditu eta, era horretako makinak fabrikatzen dituen Europako Batasuneko lehen enpresa da. Elektrohigadura egiteko eraren arabera, bi motatako makinak egiten dituzte: sarpenaz edo hari bidez lan egiten dutenak. 22 BIEMH honetarako, berrikuntzaren aldeko apustua egin du ONAk, baita emaitza jaso ere.
Enpresa biok aurten egin dituzte 50. urte. Ospatzeko zerbait gehiago dute orain.
Enpresa sarituei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero:
http://www.kondia.com eta http://www.ona-electroerosion.com
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia