Konektatu gabeko bonbilla piztuta
2007/06/11 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Kablerik gabeko teknologiak kableak behar ditu. Beti izaten da sare elektrikora konektatzeko beharra, bateria kargatzeko bada ere. Baina hori alda liteke. Aspalditik ari dira zientzialariak korronte elektrikoa kablerik gabe transmititzen saiatzen, eta, orain, MIT institutuko talde batek aurrerapauso handi bat egin du: 60 watteko bonbilla bat piztu dute sare elektrikora konektatu gabe.
Elektrizitatea kablerik gabe transmititzeak eskatzen du eremu edo uhin elektriko batez egitea. Baina ez da erraza; eremu elektriko bat erabiltzekotan, oso eremu handia beharko luke izan, eta uhin bat erabiltzekotan, traba asko gainditu beharko lituzke. Izan ere, historian zehar mota askotako uhinak probatu dira (norabide guztietan hedatzen direnak eta norabide bakarrekoak), baina interferentzien arazoa izaten da beti.
Konponbidea beste ideia baten eskutik iritsi da: erresonantzia bidez transmititzea. Kobrezko bi hariletan eragin dute erresonantzia elektrikoa, bata sare elektrikoari konektatuta, eta korrontea induzitu dute bestean. Tarteko oztopoek ez diote erresonantziari eragiten, eta, horregatik, ez dute arazorik izan bigarren harilari konektatutako bonbilla bat pizteko. Azkenean, elektrizitatea eragin dute saretik bi metrora. Beharbada, egunen batean, posible izango da kablerik gabeko teknologiarekin bateriak kargatzea.
Argazkia: Science
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia