}

Konposatu natural bat gai da glutenak hesteetan sortzen duen hantura galarazteko

2024/01/03 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

konposatu-natural-bat-gai-da-glutenak-hesteetan-so
Hesteen lagin baten fluoreszentzia-argazkia. Arg. Ainara Castellanos Rubio/EHU

Ikerketa batean frogatu dutenez, salbia landaretik erauzitako konposatu bat, azido salbianolikoa, gai da glutenak hesteetan eragiten duen hantura eragozteko. Ainara Castellanos Rubiok (EHU, Ikerbasque) gidatu du ikerketa, eta, oraindik ikertzen jarraitu behar badute ere, zeliakiari aurre egiteko baliagarria izan daitekeela aurreratu dute.

Hain zuzen, eritasun zeliakoa dutenek ezin dute glutena kontsumitu, eta glutenik gabeko dieta zorrotzari eustea da oraingoz duten tratamendu bakarra. Duela pare bat urte, glutenak RNAn aldaketak eragin ditzakeela aurkitu zuten Castellanosek eta kideek. Ondorioz, XPO1 proteina gehiago sortzen da, eta hestearen hantura areagotzen da. 

Orain, ikertzaileek baieztatu dute azido salbianolikoak XPO1 proteinaren sorrera inhibitzen duela eta, hala, inflamazio-prozesua eten egiten dela. Ikerketa zeluletan eta saguetan egin dute, eta emaitza onak izan dituzte.

Azido salbianolikoa oso ohikoa Txinako dietan, infusio gisa hartzen baitute. Hortaz, ikertzaileek badakite ez duela albo-ondoriorik. Haien esanean, oraindik beharrezkoa da ohiko bidean probatzen ari diren tratamentuak ikertzen jarraitzea, baina ikerketak bidea zabaltzen du estrategia terapeutiko berriak garatzeko zeliakiarako, baita hesteetako beste hantura-gaitz batzuetarako ere, hala nola Crohnen gaixotasuna eta kolitisa. Gut aldizkarian (BMJ) argitaratu dute ikerketa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia