}

Kontinenteen jitoa simulatzen

2008/06/26 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

New York Unibertsitateko fisikari batzuek esperimentu erraz baten bidez azaldu nahi izan dute zergatik aldentzen diren Lurreko kontinenteak eta berriz elkartzen diren ehunka milioi urtean behin.

Lurrean lurrazalaren lodiera aldakorrak azpiko mantuaren konbekzio-korrontean duen eragina simulatu zuten. Hiru litroko tanga bat urez eta glizerinaz bete zuten, eta azpian xafla bero bat jarrita berotu zuten likidoa. Ura berotutakoan eta konbekzio-korrontea eratutakoan, hiru bat milimetroko diametroa zuten bolatxoz hondoaren azalera erdia bete zuten.

Beroak sortutako konbekzio-korrontearen eraginez, bolatxoak tangaren alde batean pilatu ziren. Hala, bolatxoek bidea oztopatu zioten xaflak igortzen zuen beroari, eta bolatxorik ez zuen aldea pasatu zen likidoa berotzeko indar handien zuen aldea izatera; eta korronteak bira ematea eragin zuen horrek. Orduan, bolatxoei bultzada gainetik iristen hasi zitzaien, eta mugitzen hasi ziren, ontziaren beste muturreraino iritsi arte. Orduan, berriz hasi zen prozesua.

Lurrean antzeko zerbait gertatzen dela esan dute fisikariek. Kontinenteek esperimentuko bolatxoek duten eragin bera izango lukete, eta Lurraren mantuak igortzen duen beroa oztopatuko lukete. Ondorioz, beroa kontinenteen azpian metatuko litzateke, eta, horren eraginez, aldian-aldian mantuko korronteek noranzkoa aldatuko lukete. Horrek kontinenteak batetik bestera mugitzea eragingo luke.

Irudia: Cornell Unibertsitatea

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia