}

Kontuz erabili planeta hitza

2005/10/16 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Itxura batean ez luke arazorik egon behar: planeta hitza aspalditik erabiltzen da, eta pentsatzekoa da hitz horren esanahia ere jakina dela. Ez, bada. Astronomoek hamaika buruhauste dute planeta bat zer den zehazteko garaian, eta aditu-talde bat bildu da arazoa konpontzeko.
Eguzki-sistemako planetak oso desberdinak dira elkarren artean.

Eskola-garaian buruz ikasten da gure eguzki-sistemako planeten zerrenda: Eguzkitik gertuen dagoenetik hasita, Merkurio, Marte, Lurra, Artizarra, Jupiter, Saturno, Urano, Neptuno eta Pluton. Bederatzi guztira.

Ados. Baina astronomiaren ikuspegitik arazo bat dago: planeta horiek oso desberdinak dira elkarren artean. Hori dela eta, bi multzo handitan banatzen dira izaeraren arabera. Eguzkitik gertuen daudenak lur-planetak dira: Merkurio, Marte, Lurra eta Artizarra. Planeta solidoak dira. Besteak, berriz, gasezko erraldoiak dira: Jupiter, Saturno, Urano eta Neptuno.

Eta Pluton? Pluton beste kontu bat da. Azkena aurkitu zen planeta da, Eguzkitik urrunen dagoena, batzuetan behintzat, gainerakoek baino orbita eliptikoagoa baitu. Bada, hainbat adituren ustez ez da planeta bat. Eta uste horrek indarra hartu du Plutondik gertu beste objektu batzuk aurkitu diren neurrian.

Gainera, eztabaidak indarra hartu du uda honetan; izan ere, Pluton bera baino objektu handiago bat aurkitu dute Plutondik gertu orbitatzen: 2003 UB313. Aurkikuntzaren unean gure eguzki-sistemako “hamargarren planeta” zela esan zen hedabideetan; eta aurkitzaileetako batek, Brown izeneko batek, horren aldeko defentsa sutsua egiten dihardu.

Erabaki baten bila

UB313 eguzki-sistemako hamargarren planeta izendatu zuten, baina planeta bat da?
NASA

Eztabaida hor da: UB313 planeta gisa onartzen bada, gure eguzki-sisteman hamar planeta daudela esan beharko da —eta posible da aurrerantzean planeta gehiago aurkitzea—; baina onartzen ez bada, zortzi planeta izango dira, Pluton ere zerrendatik kendu beharko baita.

Eztabaidari amaiera eman nahian, aditu-talde bat bildu da planeta bat zer den eta zer ez den definitzeko. Aditu horiek Astronomiaren Nazioarteko Batasuneko (IAU) kideak dira. Eta, oraingoz, hartu duten erabakia hau da: planeta hitza kalifikatzaile batekin erabili behar dela.

Noski, orain kalifikatzaileak erabaki behar dira. Aditu horietako baten proposamena da UB313-rentzat eta Plutonentzat planeta transneptunotar terminoa erabiltzea, eta gainerako planetentzat orain arte ere erabiltzen diren lur-planetak eta gasezko erraldoiak terminoak erabiltzea. Dena dela, argitu dute azken horiek izendatzea ez dela talde horren betebeharra, IAUrena baizik.

Ez da hain erraza

Gure eguzki-sistemako planetak oso desberdinak dira, eta, dirudienez, planeta hitza hobeto definitu beharko litzateke.
(Argazkia: NASA/JPL-Caltech/T. Pyle)

Baina proposamen horrekin ez datoz denak bat; izan ere, Pluton eta UB313 transneptunotarrak direla esatean kokapenari egiten zaio erreferentzia, eta egokiagoa izango omen litzateke objektu horien ezaugarrien araberako kalifikatzaile bat erabiltzea. Nano izoztuak izango lirateke orduan.

Beraz, eztabaida horrela dago. Beste kontu bat da, erabakitzen dutena erabakitzen dutela, kaleko jendeak termino berriak barneratuko dituen, edo barneratu behar dituen. Testuliburuak aldatu beharko dira, entziklopediak, hiztegiak... baina hori ez da lan zailena. Askoz ere zailagoa izango da denon buruan sartzea gure eguzki-sisteman bederatzi ez baizik zortzi planeta daudela, edo hamar. Eta planeta hitza erabili beharrean bakoitzari dagokion kalifikatzailea ikasi behar bada... Gutxi jota, luze joko du.

Badaezpada, planeta hitza tentuz erabili beharko dugu aurrerantzean.

7K-n argitaratua.