}

Kontuz, ez hondatu fosilak

2007/02/11 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

DNA oso material delikatua da, batez ere, duela milaka urtekoa bada. Fosiletan aurkitutako DNA eskasa izaten da; izan ere, urteen poderioz hondatuz joaten da. Bada, pentsa, fosil hori aurkitutakoan eskuila batez garbitzen bada, eta, gainera, uretan pasatu. Zegoen material genetikoa galdu egiten da, neurri handi batean.

Askotan, beharren arabera egiten da lan aztarnategietan, eta, normalean, ez dira hartzen fosilak ez kontaminatzeko neurriak. (Argazkia : P. Olmert, NSF)

Laborategiko paleontologoak mirariak egin behar ditu fosil batetik material genetikoa ateratzeko, batez ere fosil horrek ohiko tratamendu hura jaso badu. Baina, hala ere, historiaurreko fosil askoren material genetikoa aztertu ahal izan da: mamutarena, kobako hartzarena, Neanderthal gizakiarena... batzuk aipatzearren. Bada, pentsa, zer lortuko litzatekeen, fosilak beste era batean tratatuko balira, material genetikoa kontserbatzeko bereziki pentsatutako eran, alegia.

Aztarnategitik laborategira

Material genetikoaren azterketak izugarrizko aurrerapena ekarri du paleontologiara. Hori dela eta, baliabide horri ahalik eta etekinik handiena atera nahi zaio, eta fosilak era egokian biltzeko eskatu eta eskatu ari dira.

Fosil baten material genetikoa kontserbatzeko, ez omen da ona fosilari itsatsita dagoen lurra kentzea, eta ahalik eta lasterren izoztea komeni omen da. Izan ere, fosila milaka urtean ingurune berean egon da, ia tenperatura berean. Baina ingurune horretatik ateratakoan, askotan, giro beroago batera pasatzen da fosila, eta haren material genetikoa hondatu egiten da.

Fosil baten material genetikoa, hau da, DNA analizatzeko, ahalik eta material gehiena behar da. (Argazkia : FMC Corporation)

Horretaz gain, fosilaren material genetikoa ez kontaminatzea komeni da, ez gaur egungoarekin (aztarnategiko langileenekin, esate baterako) eta ezta beste fosil batzuenekin ere. Aztarnategi askotan, fosilak jaso ondoren, urez garbitzen dira, denak batera. Ondorioz, fosil batek duen materiala erauzi egin liteke, eta fosil batetik bestera transferentziak gerta litezke (hezurra, adibidez, oso material porotsua da, eta erraz sartzen zaio materiala kanpotik).

Hori dela eta, fosilak ez garbitzea komeni da. Eta fosilekin harreman zuzena dutenek babes-jantziak erabili beharko lituzkete: eskularruak, amantala eta abar. Azken finean, aztarnategian laborategian erabiltzen dituzten antzeko neurriak erabili beharko lituzkete, fosilak ez kontaminatzeko.

Alde nabarmena

Azken mendeetan, fosilak eta aztarnak biltzeko ohiko metodoa baliagarria izan da, gehienbat fosilaren itxurari erreparatzen ziotelako. Eta, onartu behar da, egokia ez izan arren, era horretan bildu eta museoetan jasotako fosilak erabili direla antzinako DNA aztertzeko. Baina argi dago teknika berria egokiagoa dela, eta emaitza hobeak ematen dituela.

Hezur fosilak porotsuak direnez ,nahiko erraz kontaminatzen dira kanpoko materialekin. (Argazkia : G. Grieco, Penn State)

Ohiko fosil-bilketaren eta ingurune esterilagoan egindakoaren arteko emaitzak alderatu dituzte Parisko Jacques Monod Institutuko paleontologo batzuek. Horretarako, bi aldi desberdinetan jasotako fosilak erabili dituzte, desagertutako ganadu-espezie batenak. Fosilak ale beraren hezurrak dira: bat 1947an jaso zuten eta museoan egon da, eta besteak 2004an jaso zituzten material genetikoaren kontserbaziorako neurriak hartuz, eta orain arte –20 ºC-ra kontserbatu dituzte.

Bada, museoan egon den fosiletik ezin izan dute material genetikorik erauzi. Beste fosiletatik, aldiz, guztietatik. Beraz, bi metodoen arteko aldea nabarmena da. Eta, intuizioak berak ere hala agintzen bazuen ere, orain froga garbiak daude esateko fosilak ahalik eta era esterilenean jaso behar direla.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia