Koral mukitsu horiek
2004/03/09 Elhuyar Zientzia
Koralaren adarrak materia likatsu batekin estalita egoten dira. Horretarako, koral barruko polipoek denbora eta energia asko ematen dute mukia egiten. Normalean, alga fotosintetikoekin batera bizi dira sinbiosian, eta, gutxi gorabehera, sinbiosi horretatik ateratzen duten materiaren erdia erabiltzen dute prozesu horretan, hau da, beste bizidun batek haientzat egindako materia organikoaren erdia mukia egiteko erabiltzen dute. Zientzialarien ustez, hain gastu handia egiteak arrazoi sendoa izan behar du, mukia sortzeko garrantzi handiko baliabidea kontsumitzen baitu.
Aspalditik ezagutzen dira jokaera horren arrazoietako batzuk. Alde batetik, hezetasun-maila egokiari eusten laguntzen dio mukiak koralari. Bestetik, infekzioetatik babesten du.
Orain, biologoek gehiago jakin nahi izan dute ezaugarri horri buruz, eta, horretarako, mukiaren zikloa aztertu dute. Mukia, pixkanaka, uretan disolbatzen da, eta koralaren inguruan barreiatzen da. Inguruko mikroorganismoentzat ongarria da muki hori, bai flotatzen ari direnentzat, bai eta hondoko sedimentuetan bizi direnentzat ere. Ingurua aberastu egiten da, hain zuzen ere.
Aberastutako inguruak, besteak beste, koralak elikatzeko behar duen materia eskaintzen duenez, ziklo osoa ongarriak birziklatzeko modua da. Beraz, koralak berreskuratu egiten ditu mukiaren bitartez galdutako ongarri horiek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia