Koronabirusen jatorria eta eboluzioa argitu dituzte
2024/09/02 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
SARS-CoV-2 birusak eragindako pandemia dela eta, lehentasun bihurtu da koronabirusen jatorria eta bilakaera argitzea, etorkizuneko izurriei aurre hartzeko. Helburu horrekin, CNRS Frantziako Zientzia Ikerketarako Zentroko ikertzaileek eredu konputazional bat sortu dute, gaur egungo datu genetikoetatik abiatuta, eszenario desberdinak aztertzeko.
Metodo horren bidez, ondorioztatu dute koronabirusak saguzarretan sortu zirela, duela ez asko, Asia ekialdean eta Europan. Saguzarretatik, gero, beste ugaztun batzuetara egin zuten jauzi, dezenteko maiztasunarekin, eta, batez ere, gizakietara eta etxekotutako animalietara. Ikertzaileen esanean, badirudi gizakiak koronabirusen aldi baterako ostalariak direla, saguzarretatik beste ugaztunetara egiten duten bidean.
Emaitza horiek oso baliagarritzat jo dituzte, datozen transmisioak ere antzekoak izango direla aurreikusi baitute. Hortaz, iradoki dute ikerketa lagungarria dela prebentzio-estrategiak diseinatzeko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia