}

Korrosioa

1986/12/01 Erauzkin, Estibaliz Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zer da korrosioa?
Metal gehienak oxido- nahiz sulfuro-itxuran aurkitzen dira naturan eta lortzeko bide bakarra energiaren bitartez ateratzea da.

Zer da korrosioa?

Metal gehienak oxido- nahiz sulfuro-itxuran aurkitzen dira naturan eta lortzeko bide bakarra energiaren bitartez ateratzea da. Hau dela eta, metal hauek egoera ezegonkorrean daude eta ingurugiroarekin harremanetan hasten direnean, beren egoera naturalera itzultzeko joera dute. Joera hau da korrosioaren sortzailea.

Burdina adibidez, elementu ezegonkorra da, eta afrontuan dagoela, hidratatutako burdin oxidoak osatzen ditu ondoko erreakzioaren arabera:

2Fe + O 2 + 2H 2 O = 2FeO H 2 O

Oxido hauek dira Korrosio-produktu izendatzen ditugunak.

Altzairuak, burdin portzentaia handia duenez, oxidazio prozesu berdina jasaten du.

Zenbait aleaziotan, korrosio-produktuak aleazioaren azalari sendoki lotzen zaizkio eta gero, gerta daitezkeen oxidazioen kontra babesa eskaintzen du. Hauxe da altzairu herdoilgaitzen kasua. Dena den korrosio-produktuen mintza ez dago oinarriko metalari oso lotua. Irregulartasunak ditu eta ez du babesten ingurugiroaren erasotik.

Ingalaterran, 90 segundoero korrosioaren eraginez altzairu tona bat galtzen dela esan ohi da, eta Espainian, galera hori gutxi gorabehera PNBaren %3a da. Honi geldialdiek sortutako gastuak gehitu beharko litzaizkioke. Baita pieza berriak berriz jartzeak, diseinuetan dimentsionatze-arazoak eta abarrek sortutako gastuak ere.

Beraz, gai honen garrantzia eta ondorioz duen kezka ekonomikoa, ez dago zalantzan jartzerik.

Korrosio-prozesua

Korrosio-erreakzioa, erreakzio elektrokimiko bezala aztertu ohi da, substantzia guztiek hainbat potentzial elektrokimiko dutela kontutan hartuz, nahiz eta beren egitura molekularraren arabera balio positiboago edo negatiboagoetara jo. Metal-aleazioek, substantzia puruak ez direnez, anodo eta katodo txikiak osatzen dituzte, pila txikiak sortuz. Ingurune likidoa lagungarri gertatuko da elektroien transferentzian. Elektrolito-funtzioa egiten du, anodoa oxidatuz eta katodoa erreduzituz.

Erreakzio hau egiaztatu ahal izateko, hiru puntu izan behar dira kontutan:

    Metalaren egitura-alderdiak
    Ingurunearen izakera
  • Metalaren fasearteko erreakzioak

Berauen azterketa laburra egingo dugu ondoren.

    Metala
    Konposizioa, aleazio-elementuak eta izan daitezkeen heterogenotasun mikroskopiko eta makroskopikoak dira kontutan hartu beharreko faktoreak. Baita tentsioak egotea ere.
    Ingurunea
    Bere izakera kimikoa aztertuko dugu (likidoa ala gasa). Molekula oxidatzaileak, ezpurutasunak, presioa, abiadura, etab. dauden ala ez ikusi behar da.
  1. Metalaren faseartea
    Metalaren oxidazio-zinetika, korrosio-produktuen izakera etab. dira aztertu behar ditugun alderdiak.

Lehen hastapenean, korrosio-erreakzioa honako erreakzio sinplearen antzera adieraz daiteke.

aA + bB = cC + dD

A metala izango litzateke, B ingurunea eta C eta D korrosio-produktuak. Ingurunearen barruan prozesuan eragina duten osagaiak batzuk bakarrik direla argitu behar da.

Korrosio-motak

Klasikoki, korrosioa "lehorra" ala "hezea" izan zitekeen. Lehorra, prozesuan ur-disoluzioak parterik hartzen ez zuenean, eta hezea, alderantzizko kasuetan. Gaur egun, gaiaren konplexutasuna dela eta, sailkapen zabalagoa egiten da, korrosioak eratzen dituzten alderdi ezberdinak kontutan hartzen direlarik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia