Kosmosarekin kontaktuan
2006/12/01 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Diotenez, 1978an Viking 1 eta Viking 2 espazio-ontziak Martera iritsi zirenean, arreta gutxi jarri zuten hedabideek; ez omen zioten ia kasurik egin albisteari. Gaiarekiko interes falta horrek bultzatu omen zuen Carl Sagan Cosmos telebista-saioa egitera. Saio hura milioika lagunek jarraitu zuten. Lortu zuen zientziak jendearen arreta piztea.
Sagan astrofisikaria zen ikasketaz eta lanbidez, eta asko kezkatzen zuen dibulgazioak. Zientziaren eta dibulgazioaren zale amorratua zen. Hark esana da: "maiteminduta zaudenean mundu guztiari kontatu nahi diozu; horregatik, aberrantea iruditzen zait zientzialariek zientziaz ez hitz egitea". Argi dago uztarri berean ikusten zituela zientzia eta dibulgazioa; ez zuen bata ulertzen bestea gabe.
Zientzia dibulgatzeko lanean hamaika liburu, artikulu eta entsegu argitaratutakoa da Sagan. Askotan Epistemologia zuen gaia, metodo zientifikoaren defendatzaile sutsua zen; eta, besteak beste, ezagunak egin ziren erlijioaren aurkako tesiak --funtsik gabea omen da erlijioa, fedea, zientziaren ikuspegitik--. Beste askotan, zuzenean bere gaiarekin, Astrofisikarekin, lotutako gaiak landu zituen: Artizarraren atmosfera eta berotegi-efektua, planetak oro har eta espazioko bidaiak, esaterako.
Kontaktua estralurtarrekin
Horretaz gain, Saganen irudia exobiologiarekin lotuta joan zen ia bizitza osoan. Hasteko, 1966an Bizi adimenduna Lurretik kanpora idatzi zuen Shklovskii-rekin batera, ordurako gaiak erakartzen zuen seinale; eta, haren ondotik, gaiarekin lotutako hainbat lan idatzi zuen. Azkena Contact izan zen, Lurretik kanpo bizi adimenduna bilatzeko SETI proiektuari buruzkoa.
Contact fikziozko nobela bat da berez (aurrerago zinerako moldatu zuten): emakume zientzialari batek seinaleak jasotzen ditu espaziotik, hau da, kontaktuan jartzen da ustez Lurretik kanpoko bizidun inteligente batzuekin. Istorioa fikziozkoa da, beraz, baina zorroztasun handiz idatzia. Benetan gerta litekeen istorio bat kontatu nahi zuen Saganek, eta zientzia-kontuak xehetasun handiz zaindu zituen.
Esan behar da nobelaren gaia gertukoa zuela Saganek, SETI proiektuaren bultzatzaile handienetako bat izan baitzen. Izatez, oso gizon eszeptikoa zen, baina uste zuen bizia izateko probabilitate handia dagoela unibertso zabalean.
Kosmosaren handitasuna telebistan
Ideiak oso garbi zituen Saganek. Eta ideia horiek munduari ezagutarazteko euskarri arrakastatsuena telebista izan zen. Cosmos dokumental-saioekin erakutsi zuen telebista euskarri ezin hobea zela zientzia-gaietarako: irudiei, soinuei eta irudimenari etekina atera zien, zalantzarik gabe. Einsteinen fisikari buruz hitz egiteko, esate baterako, vespa bat hartu zuen Saganek, eta argiaren abiaduran bidaiatu zuen.
80ko hamarkadako teknologia aurreratuena erabili zuten Cosmos egiteko --orain ikusita, irudi haiek apur bat zaharkituta geratu dira, eta berritu egin dituzte Cosmos -en hamahiru saioak--. Musikarekin ere erdiz erdi asmatu zuten: orkestra handiek interpretatutako klasikoak, Vangelisen doinu ahaztezinak...
Musikak lagundu zuen, argi dago, baina Cosmos -en arrakastaren gakoa Saganek berak zuen. Telebistan beste inon baino hobeto islatu zuen zientziarekiko zuen pasioa, eta hedabide horrek egin zuen ospetsu erabat.