Kostaldearen zaurgarritasuna bisualizatzeko erreminta sortu dute
2019/10/31 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Munduko kostaldea uste zena baino hiru aldiz zaurgarriagoa da, klima-larrialdiaren ondorioz itsas mailak izan dezakeen igoerari eta kostako uholdeei erreparatzen badiegu. Ondorio horiek atera ditu Nature Communications aldizkarian argitaratutako ikerketa batek. Sare neuronaletan oinarritutako eredu bat sortu dute AEBetako Climate Central ikerketa zentroko ikertzaileek, kalkulatzeko munduko populazioaren zenbatekoari eragingo dion zuzenean itsas mailaren igoerak. Erreminta horrek aukera eman du bisualizatzeko luzaroan zientzialariek iragarri duten itsas mailaren igoera hori.
Eredu matematiko berriak orain arte sateliteetatik hartutako irudien errorea murrizteko aukera eman du. Hala, kalkulu berrien arabera, gaur egun 110 milioi pertsona bizi da marea goraren marraren azpitik. 2100 urterako, ordea, 190 milioi pertsona bizi diren lurrak egongo lirateke itsas mailaren azpitik; hori bai, berotegi-efektuko gasen igorpenak behera egingo duela aurreikusita. Gas-igorpenek handitzen jarraituko balute, aldiz, 630 milioi pertsonaren bizilekuak geratuko lirateke ur-azpian. Epe laburragoko aurreikuspenak ere eman dituzte: 2050rako 340 milioi pertsonaren bizilekuak gera daitezke ur-azpian. Galerarik larriena Asian gertatuko da, baina ereduak argi erakutsi du arazoa mundu osoan pairatuko dugula. Munduko osoko galerak ikus daitezke argitaratu duten mapan.
Ikertzaileek adierazi dute kalkuluak egiteko Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak (IPCC) egindako estimazioa baino txikiagoa erabili dutela. IPCCk 84 cm-ko igoera aurreikusi zuen mende bukaerarako, eta eredu honek 50-70 cm-koa jaso du. Hortaz, baliteke galera are handiagoa izatea.
Gehiago irakurtzeko:
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia