Kraterrak, aztarna adierazgarriak
2005/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Kraterrak eguzki-sistemaren bilakaera ezagutzeko aztarna adierazgarriak izan daitezke. Hain zuzen ere, duela 3,9 mila milioi urte eguzki-sistemaren barrualdeko planetek asteroide-bonbardaketa bat jasan zutela susmarazten duten datu ugari biltzen ari dira astronomoak. Arizonako Unibertsitateko astronomoentzat, krater batzuk horren adierazle garbiak dira.
Astronomo horiek orain arte hauteman diren krater guztien ezaugarriak aztertu dituzte. Planeten eta sateliteen hainbat eremutan krater handi asko daude; antza denez, meteorito-bonbardaketa latza jasan zuten aspaldi batean. Beste leku batzuetan, berriz, kraterrak gazteagoak dira, eta badirudi azkenaldian Lurraren ingurutik pasatu diren asteroideen modukoek jota sortu direla.
Aldiz, krater zaharrak beste era batera sortu zirela uste dute Arizonako Unibertsitatekoek. Izan ere, garai horretako kraterrak ugariagoak dira eta neurri denetakoak. Horien jatorria azaltzeko, astronomoek proposatu dute eguzki-sistemaren kanpoaldeko planetak berrantolatzean gertatu zela asteroide-bonbardaketa izugarria.