}

Kril-aren etorkizuna

1990/07/01 Torrontegi, E. Iturria: Elhuyar aldizkaria

Garai batean ustiatu gabeko proteina-iturri zela aldarrikatu zen. Orain ordea, Hego Ozeanoan itsasuntzi ikaragarriak dabiltza krila harrapatzen, nahiz eta estokak noiz arte iraungo duen inork jakin ez.

Krustazeoak ez dira agian denen gustokoak izango, baina urtero 3-7 milioi tona harrapatzen dira. Are harrigarriagoa da bi uzta handienak Mendebaldean espezie ezezagunak izatea: Akiami pasta egiteko izkira eta kril antarktiarra. Krilak krustazeoen gailurra harrapatu du eta mundu osoan harrapatzen diren espezie guztien artean 30. lekuan dago. Garairen batean etorkizun distiratsua izango zuela espero bazen ere, zergatik baztertu du, ordea, jende askok espezie hau eta ondorioz distira hura itzali?

Jendeak baztertze honek krilarentzat ondorio larriak izan ditzake. Orain arte, arrantza-zonak antolatzeko planetan ahalegin handirik ez da egin; askoren ustetan hornikuntzak agortezinak bait dira.

1960.eko hamarkada arte, harrapatu nahi ziren espezie antarktiar bakarrak baleak eta fokak ziren. Hauen eskea murriztu zenean, arrainarekiko interesa handiagotu egin zen. 1967. urtean arrantzarako flota sobietarrak penintsula antarktiarrean eta hango irletan arraina harrapatzeko merkatal eragiketak hasi zituen. Hego Ozeanoan inoiz harrapatu den kantitaterik handiena izan zen: 400.000 tona bermenda. Noizbehinka arrantza handiegia egiteak ondorengo arrantzaldietan gero eta gutxiago harrapatzea eragiten du eta zonalde hauetan, hain zuzen, gaur egun espezie gutxi batzuk bakarrik harrapatzen dira.

Aldi berean, arrantza-zonatako biologoak kril-stock izugarri horiek nola ustiatu jakiteko posibilitateak zeintzuk ziren begiratzen aritu ziren. Hauxe zioten beraiek: balea planktonjaleen kantitatea murriztu egin delako, krila soberan egongo da. Antarktidako uretan balea erruz harrapatzen zeneko denboraldiaren aurreko eta ondorengo datuen arabera, soberakina 150 milioi tona ingurukoa zen.

Euphausia superba

kril antarktiarra, krilen artean espezierik handienetakoa da. Kril helduak 60 milimetro izan ditzake luzeran eta gramo bat baino gehiago pisatu. Beraien ezaugarririk nabarmenenetakoa (eta arrantzako itsasuntzientzat guztiz erakargarria) uraren gainazaletik hurbil sarda handietan egotea da. Nahiz eta kril antarktiarraren biologiari buruz nazioarteko programa zientifiko bat burutu, krilaren bizitzari buruzko ezaugarri askotxo guztiz ezezagunak dira. Biologoak ez dira ados jartzen krilaren bizi-iraupenaz, edo hazteko behar duten denboraz edo zer-nolako produktibitatea duten erabakitzean. Jakina, datu zehatzik ez edukitzea baliabidea ustiatzeko ahaleginak aurrera eramateko eragozpena da.

Baina biologoak krilaren bizitzaz ikertzen hasi ziren bitartean, arrantza oparoa garatu zen. 1970.eko hamarkadaren bukaeran izugarri igo zen arrantza, 1982.ean gailurra lortu zelarik; 500.000 tona baino gehiago harrapatu bait ziren.

Sobiet Batasuna da gailen krilaren arrantzan, Japonia bigarren eta Txile, Hego Korea eta Poloniak gutxi harrapatzen dute. Azken urte hauetan arrantza jaitsi egin da. “Arazo teknikoei” bota zaie errua, baina uste denez eskea hornikuntza baino txikiagoa da.

Iragarki japoniarrek krila goi-mailako plater gisa aurkezten dute.

Krilaren arrantza Hego Ozeanoan beste arrantza guztiak konbinatuta baino lau aldiz handiagoa da. Baina beste arrain batzuek, eta txibiek, balio handiagoa dute; arrantzuntziek beraz, krila beste espezieek baliorik ez dutenean harrapatzen dute. Arrantzuntziek arrantza-mota desberdinetarako eramaten dituzte ekipamendua eta sareak. Hau honela izanik ere, Hego Ozeanoan arrantza garestia eta arrantzarako denboraldia laburra delako, industriak ahalik eta gehien irabazteko janari gisa saltzeko balio erantsi handiko produktuak produzitu behar ditu. Gaur egun harrapatzen denaren erdia, era batera edo bestera, mahairako saltzen da. Gizakiarentzat janari bihur ez daitekeena, arrain-janari gisa erabiltzen da.

Badaude industrian krila produktu baliotsuago bihurtzeko beste arrazoi batzuk ere. Krila prozesatzea oso konplikatua da. Entzima autolitiko oso aktiboak eta asko ditu eta hil ondoren gorputza suntsitzen hasten da entzima hori. Giza kontsumorako krilak, harrapatu eta 3 ordu barru prozesatu behar dira eta animalientzako janari izateko 10 ordu barru. Krilak itsasuntziaren zubian ere berehala hondatzen dira. Ez dago beraz lehorrean biltegiratzerik. Uretan ere ezin dira biltegiratu, zeren gorputzeko proteinen erdia uretan disolbagarri bait da.

Krilak segituan izozten badira, proteina hauek galdu egiten dira krila desizozterakoan. Gainera, krilak fluoruro-kontzentrazio altuak ditu. Fluoruro gehiena exoeskeletoan kokatua dago, zeinak kilogramoko lau gramo izan bait ditzake. Estatu Batuetako Janari eta Botika-Kontrolerako Bulegoak (Food and Drug Administration) giza kontsumorako onartzen duen muga, kilogramoko 100 miligramo fluoruro da. Fluoruroa oskolean dutelako, kril freskoaren isatsak fluoruro-kontzentrazio onargarriak ditu; kilogramoko 5 miligramo (oskoleko partikulez kutsaturik ez badago behintzat). Baina fluoruroa oso higikorra da eta animalia akabatu bezain laster oskoletik kanpo irteten hasten da. Krila jateko prestatu behar bada, beraz, segituan kendu behar zaie oskola.

Krila animalientzako janari gisa erabiliz gero, badu arazo bat. Janari honek EEEk onartzen duen fluoruro-maila baino lau aldiz gehiago du eta horregatik beste janari batzuekin nahastuta erabili behar da. Zerri eta hegaztientzat ez da %3 kril baino gehiago onartzen eta azienda eta umetarako animalientzat ez da uste batere segurua denik.

Beren jan-neurrian krila duten animaliek (arrain, foka eta pinguinoek) ioia muskuluetatik kanpo mantentzeko mekanismoa dute. Fluoruroa hezurretan metatzen da eta ehunetan fluoruro-kantitate txikia dute. Krila larrutarako hazten diren animalientzat ere egokia da.

Fluoruro-arazoek eta krila segituan prozesatu beharrak (gainera Hego Ozeanoan arrantzan egitearen gastua gehituz), krila harrapatzearen ondorengo produktu-motei izugarri eragiten diete. Merkatal arloan lehen janaria kril-proteinazko pasta izan zen. Pasta hau gatzatu-itxurakoa zen eta normalean arrosa, baina planktona jandako krilarekin egina bazen, pasta berdea ateratzen zen eta belar-zaporekoa. Arrantzuntziak saiatzen ziren honelako kril-sardak ez harrapatzen, kril “berde” hauek segituan hondatzen ziren eta.

Polonia eta Mendebaldeko Alemaniako enpresak 1970.eko hamarkada-bukaeran kril xehetua egiten hasi ziren. Baina zaila gertatzen zitzaien kalitate eskaseko kriletik abiatuz zerbait onargarria lortzea eta, gainera, animalia osoa xehetzen zutenez beren produktuek fluoruro-kontzentrazio altua zuten. Kril xehetua saltxitxa eta zopatarako erabili zen, baina ez da oso lehengai ona elikagai-industriarako (oso alkalinoa bait da) eta, gainera, urarekin nahasteko zailtasuna du eta koipeekin emultsioak osatzeko ere arazoak planteatzen ditu.

Muskuluetako proteinak deskonposatu eta gero gatzatzen dituen prozedura batez kril-hauspeakina produzituz, arazo batzuk baztertu dituzte fabrikatzaile poloniarrek. Teknika honen bidez mamia oskoletik bereiztu egiten dute, horrela azken produktuaren fluoruro-kopurua murriztuz. Ematen duen hauspeakina arrosa da eta gatzatu-itxurakoa, krustazeo-usaia du, apur bat, eta, are garrantzitsuagoa, zapore ona du. Kril jangai bihurtzeko bide arrakastatsua izan liteke.

Hau honela izanik ere, produktu baliotsuena krila bera da. Fluoruro-arazoaz gain, Ekialde Urrunean badago kril osoaren merkatua; bai freskoarena, izoztuta, eta baita egosi eta gero izoztuarena ere. Japoniarrek gehiago ordaintzen dute eme helduen truke; hauek koipe asko izanik zaporetsuak bait dira. Krila haztegiko arrainentzat janari gisa ere erabiltzen da eta baita arrantzarako beita moduan ere, baina Japoniarrek harrapatzen duten erdia baino gehiago mahairako erabiltzen da.

1970. urteaz geroztik krilaren arrantza izugarri igo da.

Mundu osoan zehar azala kendutako kril-isatsak erabiltzen dira. Prozesatzaileek krustazeo handiekin erabiltzen dituzten teknikak aldatuz, orain kril-isats onak produzitzen dituzte; bai hutsik jateko edo bai jangai prozesatuetan gehigarri gisa erabiltzeko. Kril-isatsak arrosa-kolorekoak dira eta egitura elastikoa dute, usain ona eta itsaski-zapore gozoa dutelarik. Azala kendu ondoren, kril-isatsak arroz-ale luze baten tamaina izaten du.

Ondo kontserbatzen (mantentzen) dira. Desizoztu ondoren, jeleak osatzen dituzte eta beste substantziak emultsiona ditzakete, hanburgesa, haragi gisatu, saltsa eta arrain-puskekin erabil daitekeelarik. Krila potetan sartu ere egiten da eta kril-haragia gatzunetan (salmueran) izkiraren ordezkatzaile merke eta ona da. Krilak kalitate handiko produktu baliotsua produzitzen badu, agian justifika dezake Hego Ozeanoan harrapatzeak duen kostu handia. Baina planteamendu honek ere badu muga merkatuaren hazkuntzan: izkiraren antzeko jangai-kopuru handia merkatuan sartzeak, agian prezioak erabat jaitsi erazi egingo lituzke.

Arrain-janaria, harrapaketaren produktu eratorria da: merkatu honetarako krustazeo hau bakarrik harrapatzea ez da ekonomikoa. Fluoruro-kontzentrazio altua izateaz aparte, kril-haragiak baditu bere erabilpena mugatzen duten beste ezaugarri batzuk ere. Ura segituan absorbatzen du, janariaren elikatzeko ahalmena txikiagotuz. Are arraroagoa oraindik, batzuetan arrazoi ezezagunen bategatik su hartzen du.

Krilaren beste eratorri batzuk haragia bera baino baliotsuagoak izan litezke. Krilek proteinak suntsitzeko oso entzima aktiboak dituzte. Entzima hauek endopeptidasak eta exopeptidasak dira, eta medikuntz arloan zauri eta ultzeratako ehun hilak deskonposatzeko erabil daitezke.

Erakargarri bihurtu den substantzia kimiko bat, kitina da. Krilaren oskola kitina eta proteinaz osatua dago, eta kitinak animaliak lehorrean pisatzen duenaren %4 osatzen du. Krilaren arrantzak urtero 2000-3000 tona kitina produzitzen ditu eta normalean zaborretara doaz. Kitina polimero polisakaridoa da, zelulosaren antzeko egituraduna, eta oso erraz alda daiteke kitosano izeneko beste polimero bat sortuz. Kimikariek itxaropen handia dute substantzia hauen etorkizunaz.

Ur zikinak tratatzeko izan dezake zeregina, zeren proteinak gatzatu egiten bait ditu eta metal astunak bahitu. Odoljarioa murrizteko eta sendakuntza bizkortzeko zaurietako bendajean erabiltzen denean, homeostatikoak dira. Industria farmazeutikoak, botiketarako kapsulak eta hari kirurgikoa egiteko erabiltzeko posibilitatea aztertu du eta odolaren kolesterol-maila jaisteko bidea ere aztertzen ari dira.

Substantzia kimikoak lortu nahian

Kitina eta kitosano polimeroak biodegradagarriak dira eta ezaugarri hau dela eta poltsa egokiak dira nekazal elikagai eta produktu kimikoak gordetzeko. Japoniak badu gaur egun Kitinaren Teknologi Aplikaziorako Kontseilua eta Kontseilu honen helburu garrantzitsuenetako bat plastiko biodegradagarriak garatzea da. Kitina kril-arrantzaren produktu baliotsu bihurtzen bada, arrantza hedatzen has daiteke. Hori gertatzen bada, ekosistema erasateraino iritsi baino lehen itsasuntziek zenbat kril harrapa dezaketen azkar erabaki behar da.

1982an eratu zen Antarktidako Itsas Baliabide Bizidunak Kontserbatzeko Elkartea (CCAMLR deiturikoa). Elkarteak ozeanoko bizidun baliabideak “zentzuz erabiltzea” oinarritzat hartu zuen, aldi berean baliabideak antolatzeko ekosistema aldetiko ikuspegia hobetuz. Ikuspegi honen arabera, krila da Antarktidako ekosisteman espezierik garrantzitsuena eta krilari eragiten dion edozer gauzak elika-katean maila altuagoko animaliei ere eragingo die.

Elkarteak baditu puntu arantzatsu batzuk. Lehenik, partaide guztiak ados ez badaude, ezin dezake baliabidea kontserbatzea helburutzat duen neurririk hartu. Bigarren, neurri batek eska ditzakeen betebeharretatik edonork ihes egin dezake 180 eguneko epearen barruan abisua emanez gero. Ikuspegi honek oso zail bihurtzen du harrapaketari buruzko erabaki garrantzitsurik hartzea, zeren proposamena bertan behera uzteko nahikoa bait da ados ez dagoen ahots bat agertzea.

Antarktidako Itsas Baliabide Bizidunak Kontserbatzeko Batzordea (hau ere CCAMLR deitua) urtean behin biltzen da Hobart-en, Tasmania-n, ikerketa eta arrantzari buruzko azken datuetan oinarrituz kontserbazio-neurriei buruz akordioa eztabaidatzeko. Nahiz eta hamarkada honetan Hego Ozeanoan kril-arrantza izan handiena, Batzordea arrain-estoken egoeraz gehiago arduratu da. Batzordeak ezin al dezake kril-estokak babesteko ezer egin? Antarktidako krilaren harrapaketari buruzko datuak oso urri eta burutu gabeak dira.

Sobietarren eta Japoniarren arrantzuntzien mugimenduei buruzko lehen informazio finkoa 1987 eta 1988an egindako bilkuretan agertu zen. Informazio-falta dela eta, ezinezkoa zaie zientzilariei harrapaketa antolatzeko plana diseinatzea. Jendearen eritziz kril hornidurak mugarik ez izatea eta arrantza txikia dela uste izatea dira arrantza antolatzeko planek batzordearen lehentasunen zerrendan leku handirik ez izatearen arrazoia.

1988. urtean batzordeak lantalde iraunkorra izendatu zuen arrantzarekin zerikusia duten krilaren alderdi ekologikoak aztertzeko. Talde hau lehen aldiz iazko ekainean bildu zen eta bilerako emaitzarik esanguratsuena kril-arrantzak “maila normala ez zuela asko gainditu behar” onartzea izan zen.

Honek berriro ere pilota zientzilariei botatzen die: oraingoan datu errealak lortu behar dituzte. Ozeanoak zenbat kril eman dezakeen jakiteko, biologoek krilak zenbat denborako bizia duen jakin behar dute; zer-nolako produktibitatea duen eta urtero zenbat gehitzen eta zenbat murrizten den. Horrek ez ditu ugaritasuna, banaketa eta neguan nora joaten diren eta zer egiten duten, esate baterako, aipatu ere egiten. Arrantza antolatzeko eredu biologiko arruntena eraikitzeko ere, aurreko gaiei erantzuna eman behar zaie. Arrantza-kopuruari muga arbitrarioa ezartzea da alternatiba. Hau guztiz deserosoa litzateke arrantza burutzen duten herrialdeentzat, baina informazio biologikorik ezean, geratzen den bide bakarra izan liteke.

Nolakoa izango ote da krilaren etorkizuna? Dagoenekoz hiru konpainia norvegiarrek agertu dute Hego Ozeanoan arrantzan hasteko asmoa. Konpainia pribatuek krila harrapatzeko interesa agertzeak, prozesatzeko garaian edo substantzia kimikoak erauztean edo erabilpenean aurrerakadaren baten perspektiba dagoela esan nahi du. Horrela gertatuz gero, batzordeak, daturik ez izanda ere, erabakiren batzuk hartu beharko ditu arrantza antolatzeko eta krila kontserbatzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia