Kristal likidoak
2000/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hezurren haustura larriak osatzeko metalezko gehigarriak erabili ohi dira askotan: metalezko hodia hezurren barnean sartu eta torlojo bidez ongi lotzen da hezurra osatu arte.
Sistema horrek ordea, baditu zenbait akats: hodiak kentzeko bigarren ebakuntza egin behar da eta ebakuntzarik egin ezean, soinuak eta bestelako eragozpenak paira ditzakete gaixoek; gainera, metalezko hodiak gogorregiak dira eta hezurretan barne-kalteak sor ditzakete.
Britainia Handiko ikertzaile-talde batek, arazoa konpondu nahian, polimero biodegradagarrietan jarri du esperantza eta baliogarri izan daitekeen materiala aurkitu du: kristal likidoa. Kristal likidoetako molekulak norabide berean daude ordenatuak eta estrusio-makinatik pasatzean zuntz gogorrak lortzen dira. Ikertzaileek kristal likidoen propietateak dituen poliester biodegradagarri bat garatu dute: materialak beharrezko gogortasuna, hezurrek duten antzeko elastikotasuna eta sei hilabeteko erdibizitza dauka.
A priori metalezko gehigarrien ordezko material egokia izan daiteke, nahiz eta proba medikoak egiteke dauden oraindik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia