}

Kuaternarioa, izan ala ez izan

2005/08/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Jakina da: izena eta izana lotuta daude. Zerbaiti izena ukatzen bazaio, zerbait horri izaera ere ez zaio aitortzen. Horregatik daude hain haserre geologo batzuk: haiek ikertzen duten aro geologikoari izena ukatzen dietelako beste geologo batzuek. Kuaternarioaz ari gara zehazki, hau da, duela bi milioi urtetik hona bizi dugun denbora-tarteaz. Periodo berezi bat da, edo ez du ezerk bereizten duela 23 milioi urte hasi zen periodotik? Hor dago koska. Eta geologoak eztabaida bizian ari dira, koska gainditu ezinik. Zer uste zenuten bada, politikariek bakarrik eztabaidatzen dutela, ala?
Fosilek asko laguntzen dute denbora-tarteen mugak zehazteko garaian.
MEC

Hala azaltzen zen Nature zientzia-aldizkariko iazko artikulu batean: “Siluriarra, Devoniarra, Karboniferoa: izen horiek arrokak berak bezain sendoak eta mugiezinak dirudite. Baina, egiaz, ilearekin edo gonen luzerarekin gertatzen den bezala, gure planetaren kronologian egindako banaketa geologikoek aldatzeko joera dute. Geologoek eztabaidak izaten dituzte periodoen arteko mugei buruz, eta ez dira ados jartzen horien adinaren gainean. Jurasikoa bukatu zen urteak, adibidez, 30 milioi urteko gorabehera izan du 1930ean datatu zutenetik”.

Argi dago: geologoek ez dute batere garbi noiz bukatzen eta hasten diren Lurraren historia banatzen duten aroak. Periodoak zehazterako, hainbat aldagai hartzen dituzte kontuan: arroken konposizioa, izotzean dagoen oxigeno-kontzentrazioa, fosilen erregistroa... Esate baterako, Siluriarra eta Devoniarra banatzeko, erabakigarria izan zen itsas ornogabe baten fosil bat. Animalia hura dagoeneko galduta dago, baina haren fosilak muga zehazteko balio izan zuen.

Beste askotan, ordea, ez dago aztarna erabakigarririk, eta dezenteko gorabeherak izaten dira periodoen izenetan eta bakoitzaren hasiera-bukaera datak jartzean. Begira, adibidez, Jurasikoari: 1987an erabaki zuten periodoa duela 131 milioi urte bukatu zela. Horretarako, glaukonita izeneko mineral batean argon bihurtu zen potasio-kantitatean oinarritu ziren.

Gerora, ordea, jakin zuten argona atera egiten dela glaukonitatik; ondorioz, mineralak gazteagoa ematen du. Beraz, Jurasikoa noiz bukatu zen jakiteko, basaltoan dauden potasio- eta argon-kantitateak erabili zituzten azkenean, eta orain duela 145,5 milioi urte bukatu zela uste dute.

Zer periodotan bizi gara?

Arrokak noiz sortu diren datatzea ezinbestekoa da Lurraren kronologia zehazteko.

Horretan ados jarri badira ere, ez da gauza bera gertatzen Kuaternarioarekin. Eztabaida aspaldi hasi zen; gutxienez 150 urte daramate geologoek erabaki ezinik zer izen duen eta zenbateko iraupena duen orain bizi dugun aroak.

Batzuen ustez, orain Neogenoan gaude. Periodo hori duela 23 milioi urte hasi zen, Paleogenoaren ondoren. Baina beste batzuek uste dute Neogenoa duela 2 milioi urte inguru bukatu zela, eta Kuaternarioan bizi garela ordutik.

Azkenaldian, eztabaida gogortu egin da. Izan ere, hamabost urte iraun duen nazioarteko ikerketa baten ondoren, (ustez) behin betiko kronologia geologikoa argitaratu baitzuen talde batek iaz. Eta hara non kronologia horretan ez den Kuaternarioa azaltzen!

Geologo batzuen ustez, Kuaternarioaren hasieran izebergak eta glaziarrak ugaritu egin ziren.

Kuaternarioa onartzearen aldekoek esaten dutenez, kontua ez da bakarrik izena eman ala ez. Kontuan da milaka ikertzailek identifikatzen dutela denbora-tarte hori, eta horretan ari dira lanean. Gainera, ez dute zalantzarik; periodo horrek ezaugarri geologiko berezituak ditu, esate baterako, hainbat glaziazio izan ditu, eta, periodoari hasiera ematen dion garaian, izebergak eta glaziarrak ugaritu egin ziren. Horretaz gain, zerbait benetan berezia gertatu da Kuaternarioan: giza espeziea sortu da Lur planetan.

Kuaternarioaren aldeko geologoen arrazoiak entzun ondoren, kronologia zehaztu duen nazioarteko taldearen buruak barkamena eskatu du; auzia beste era batera bideratu zitekeela adierazi du. Baina ez du atzera egin, eta berriro esan du ez dagoela ezer berezirik Kuaternarioa beste periodo bat dela esateko.

Erabaki `demokratikoa´

Azkenean, behin betiko konponbidea emateko, botazioa egitea erabaki dute geologoek. Botoak eman dituzte bada, eta... Kuaternarioa nolabait onartzea erabaki dute. Periodoa duela 2,6 milioi urte hasi zela ere zehaztu dute.

Geologoek eztabaida sutsua dute Kuaternarioa dela eta ez dela.

Horrekin, ordea, ez da guztia bukatu. Irailean izango dute hurrengo bilera, Belgikako Leuven herrian, hain zuzen, eta, han, Kuaternarioa nola sailkatu erabaki beharko dute. Periodo berezitua dela erabakiko dute ala Neogeno periodoaren barruan sailkatuko dute? Are gehiago, litekeena da kronologia ofizialean sartu gabe baina era informalean onartuta gelditzea.

Geologoek berek ez dute itxaropen handirik. Erabakia edozein delarik ere, zaila izango da denak bat etortzea eta emaitza onartzea. Irailera arte itxaron beharko dugu zer erabakitzen duten jakiteko, baina, beharbada, oraindik urte luzez iraun dezake eztabaidak.

Nolanahi ere, Kuaternarioaz eztabaidatzen duten bitartean, geologoek lanean jarraitzen dute periodoak zehaztasun handiagoz datatzeko. Erronka ere bota diote euren buruei: 2008rako azken 600 milioi urteetako denbora-tarteak argi eta garbi bereizita izatea da helburua. Azken 2,6 milioi urteek nolako eztabaida sortu duten ikusita, ez daukate lan makala, alajaina!

7K-n argitaratua.