}

Kuaternarioko muxar txiki baten aztarnak aurkitu dituzte Lezetxikin

2015/05/26 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

kuaternarioko-liroi-nano-baten-fosila-aurkitu-dute
Lezetxikin aurkitutako muxar txikiaren hortzak. Arg. Garcia-Ibaibarriaga et al.

Muxar txiki baten aztarnak aurkitu ditu EHUko ikertzaile-talde batek Lezetxiki kobazuloan (Arrasate). Hiru hortz ñimiño dira, eta, ikertzaileen esanean, aurkikuntza garrantzitsua da. Hain zuzen, Naroa Garcia Ibaibarriaga arkeologoak azaldu duenez, Muscardinus avellanarius espeziearen lehen aztarna da Kuaternario garaian Iberiar Penintsulan. “Nonbait, penintsulan genero hori Erdi Miozenoan bazegoen arren, gero, Goi Pliozenoaren hasieran, desagertu egin zen”, zehaztu du Garciak.

Horrez gain, Goi Pleistozenoan espeziea Lezetxikiraino iristen zela frogatzen du aurkikuntzak, eta hori ere azpimarragarria iruditzen zaio Garciari: “Eurasiaren hego-mendebaldean, han baino mendebalderago ez da beste zantzurik aurkitu”.

Quaternary Science Reviews aldizkarian eman dute aurkikuntzaren berri. Artikuluan adierazi dutenez, oso lagungarria izan da Lezetxiki inguruko Goi Pleistozenoko paleoekologia eta paleobiogeografia osatzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia