}

#KulturaZientifikoa 2. Jaialdian izarretara goaz!

2014/04/28 Elhuyar Zientzia

Motorrak ongi berotu, eta, lau, hiru, bi, bat… Bagoaz! Abian da  #KulturaZientifikoa 2. Jaialdia! #KZJaia2 suziria izarretarantz doa!

Izan ere, 1. jaialdiko txokolate gozoa dastatu ondoren, bidaiatzeko gogoa sartu zaigu. Jakina, bidaia berezia izango da hau, eta, bidaia on gehienetan bezala, bidean ikasiko duguna izango da garrantzitsuena. Kultura Zientifikoaren jaialdi honetako parte-hartzaileek sareratutako artikulu, post, mezu, bideo, audio, argazki eta abarretan zehar bidaiatuko dugu, izarrez izar, eta konstelazioz konstelazio.

Arg. NASA

Hain zuzen, jaialdi honetan izar bihurtzeko aukera izango duzue, kultura zientifikoaren izar. Jaialdian egiten diren ekarpen bakoitzari izarrak eskainiko dizkiegu, izar distiratsuenak; eta, bidean aurrera egin ahala, baita konstelazioak ere. Euskaltzaindiak astroentzako araututako izenak erabiliko ditugu horretarako, zientzia eta euskara motor dituen jaialdi honetan. Hala, bide batez, astronomia pixka bat ezagutuko dugu; toponimiaren atalik ezezagunenetako bat, seguru asko.

Bidaia honetan edonork parte hartu dezake, interesa duen ororentzat irekita dago. Jaialdian parte hartzeko oinarriak hemen ikus ditzakezue.

Bukatzeko, zuen ekarpenak helarazteko bideak gogoratu nahi dizkizuegu:


- Posta elektronikoa: kzjaia@gmail.com
- Twitter: @zientzianet erabiltzaileari bidali zure sarreraren esteka #KZJaia2 traola erabilita
- Facebook: KulturaZientifikoa Jaialdia talde publikoan argitaratuz

Besterik gabe, mundu guztia gonbidatu nahi dugu jaialdian parte hartzera eta egiten diren ekarpenak gizarte-sareetan zabaltzera. Zenbat izar eta konstelaziotaraino iritsiko gara? Oso urrun, seguru!

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia