}

Kume berezi-berezi bat

2005/04/18 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Argazkikoak ama eta haren kumea dituzu. Jaioberria emea da, eta benetan berezia da. Izan ere, balea bat eta izurde bat gurutzatuta jaio zen ama, eta horrelako animalia batek kumea izaten duen lehen aldia da, bai behintzat gatibu egonda.

Jaiotza Hawaiiko akuario batean gertatu da. Han jaio zen ama duela 19 urte, familia bereko baina espezie desberdinetako zetazeoak gurutzatuta. Kekaimalu izena jarri zioten, eta aipatzekoa da berez gurutzatu zirela 4,3 metro luzeko eta 2.000 kiloko aita eta 2 metro eskaseko eta 200 kiloko ama. Beste bi kume ere izan zituzten, baina ez dute hainbeste urte iraun.

Orain, Kekaimalu ama izan da. Kumearen aita beste izurde bat izan da, eta kumetxoa odol garbiko izurde arrunt bat baino askoz ere handiagoa da. Laster izena jarriko diote, eta ur-ontzi handiago batera eramango dute. Zaintzaileak, behintzat, ez zaizkio faltako.