}

Kumuloninboan behera

2013/02/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

kumuloninboan-behera
Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

Salto egin behar zuen. Bazekien altuera gehiegizkoa zela, eta presio-jantzirik gabe oso arriskutsua zela. Bazekien azpiko kumuloninboan sekulako ekaitza izango zela. Baina hegazkinaren motorra hondatu egin zen. Ez zuen beste erremediorik.

F-8arekin Hego Karolinarantz abiatu zenean, ez zuen pentsatu arriskurik egon zitekeenik. Iragarpenak zioen ekaitzak izango zirela, baina F-8 batentzat hori ez zen arazo: ekaitza saihestu zezakeen, desbideratuz edo gainetik pasatuta. Halaxe egin zuen. Helmugarako asko falta ez zela kumuloninbo izugarri hura ikusi zuenean, 16.000 metrora igo zen, gainetik pasatzeko. Eta hodeitzar haren gainean zegoenean, alarmak piztu ziren. Hegazkina kontrolatzen saiatu zen, baina alferrik, beherantz zihoan.

Aulkian ongi kokatu, hankak tinko lurrean, bizkarra zuzen, begirada bat ordulariari, 6.00 p.m., eskuak eiekzio-sistema aktibatzeko heldulekuetan, eta tira! Leherketa batek jaurti zuen kanpora. Aire-kolpe bortitz bat sentitu zuen, eta oinazea gorputzean hedatzen. Eta hotza. 20tik -50 ºC-ra pasatu zen. Izozten ari zen. Aurpegi, lepo, eskumutur, gerri eta txorkatilak hotzez erretzen sumatzen zituen; sutan zegoela sentitu zuen. Eta deskonpresioa jasanezina zen. Sabela puzten ari zitzaion, puzten eta puzten, lehertuko zela pentsatu zuen, eta begiak betzuloetatik aterako zitzaizkiola, eta burua hamaika zatitan puskatuko zitzaiola; belarriak ere lehertu beharrean zituen, eta karranpak gorputz osoan. Ez zuen inoiz halako minik ezagutu. Argi ikusi zuen hartatik ez zela aterako.

Segundo batzuen buruan, lehen laino arinen artean sartzen hasi zen, eta, halako euforia bat sentitu zuen: azken finean, kontziente jarraitzen zuen! "Eutsi! --esan zion bere buruari-- Oraindik lortu dezakek. Pentsatzen ari haiz. Kontziente haiz. Badakik zer datorren. Erorketa aske honi eutsi eta egina zagok".

Bira eta buelta zebilela konturatu zen, besoak eta hankak zabalik, errota zoro baten moduan, orain bertikalean, orain horizontalean, edo diagonalean. Ezin zituen eskuak eta hankak mugitu; g indarra handiegia zen. Eta zerbait zuen aurpegian joka, etengabe. "Oxigeno-maskara! Jainkoa, ia ahaztu nuen!" Poztu egin zen maskara galdu ez zuelako.

Odolean zuen oxigenoarekin iraun zuen ordura arte, baina laster beharko zuen, kontziente jarraitzeko, eta garunean kalterik ez izateko. Erorketa askean jarraituko zuen 3.000 m-ra arte, altuera horretan paraxuta automatikoki irekiko zen, eta normal arnastu ahal izango zuen. Baina bitartean? Edo paraxutaren mekanismo automatikoak huts egiten bazuen, eta inkontziente egonik uztaiari tiratzeko gai ez bazen? "Maskara hori lortu beharra daukak!" Jarraitu zuen eskuak mugitu nahian, baina alferrik.

Ez zuen minik gabeko zatirik gorputzean. Horretaz konturatzean lasaitu egin zen. Kontziente zen oraindik, eta hala jarraitzea desiratzen zuen denaren gainetik. "Eutsi. Ongi hoa. Jarraitu horrela. Ongi, ongi, ongi. Oraindik kontziente haiz. Ez duk asko falta. Aire dentsoagora erortzen ari haiz. Oxigeno gehiago, deskonpresio gutxiago, min gutxiago".

Hodei zuri eta gris trinkoen artean sartu zen. Eta eskuak mugitu zitzakeen. Eskuinarekin oxigeno maskarari heldu eta aurpegira eraman zuen. Ezkerra kaskoaren gainean jarri zuen. Hobeto sentitzen hasi zen. Ia seguru zegoen bizirik aterako zela. Berri onak zituen altuera handiko pilotuentzat: "14.000 m-ko deskonpresioa jasateko gai gara. Agian 15.000 ere bai. Baina 14.000 esango dut hori da eta salto egin aurretik altimetroan ikusi nuen azkena".

Paraxuta irekitzeko nahia sentitu zuen. Ez zen guztiz fio sistema automatikoaz. Eskua uztaira eraman zuen, baina, "Zertan ari haiz, eroa! --konturatu zen--; paraxutarekin mantsoago joateagatik izoztuta hil nahi duk? Eta oxigenoa? Ez dik bost minutu baino gehiago iraungo, agian hiru. Erorketa askea, Bill, erorketa askea".

Aurpegian behera zerbait nabaritu zuen, lepoan zehar, izoztuta. Odola. Begietatik, sudurretik, ahotik eta belarrietatik odola zerion. Eta lainoak gero eta beltzagoak ziren. Iluntasunean erreferentzia guztiak galdu zituen: ez zekien biraka ari zen, buruz behera zihoan... Paraxuta ireki nahi zuen. Zenbat denbora pasa ote zen. Erlojua. Ez zen erraza ikustea. Seiak eta lau edo bost iruditu zitzaion. Kalkuluak egiten hasi zen. Ez al zuen paraxutak irekita egon behar ordurako? Eta, ezer ikusten uzten ez zuen laino harekin, dagoeneko metro gutxi batzuetara baino ez bazegoen, lurraren kontra jotzeko zorian?

Pixka bat gehiago itxarongo zuen. Hamabost segundo, minutu-erdi bat, minutu bat agian. Harri txikien kolpeak gorputzean. Kumuloninboaz gogoratu zen. Harritxo haiek kazkabarra izan zitezkeen, ekaitzak gorantz igotzean izoztutako ur tantak. "Euriaren izozte-puntua? Gutxienez badituk 3.000 m, edo gehiago. Ongi. Jarrai ezak erorketa askean. Eutsi". Begiak itxi zituen.

Paraxuta. Ireki egin behar zuen. Eskua uztaira eraman zuen, eta juxtu tiratzera zihoanean, tiraldia sentitu zuen. Automatikoki ireki zen! Paraxuta ikusi nahi zuen, baina ezin; uste zuena baino ilunago zegoen. Baina ongi zegoela sentitzen zuen; Korean salto egin zueneko sentsazio bera zen. "Hamar bat minututan behean haiz. Bikain. Dena ongi zagok. Paraxut on bat daukak. Ongi hago. Kontziente hago. Bizirik atera haiz". Zoragarri sentitu zen.

Turbulentziak nabaritu zituen. Eta dantza ero batean hasi zen: erortzeari uzten zion, grabitate-gabeko sentsazioa, gero gorantz, eta beherantz berriz. Haizeak dantzan zerabilen. Baina ez zen deserosoa.

Sekulako eztanda entzun zuen, bat-bateko distirak itsutu zuen, eta burrunba batek gorputz osoa dardarka jarri zion. Trumoiak, entzun baino, sentitu egiten ziren. Belarriak babesten zizkion kaskoagatik ez balitz, tinpanoak lehertuko zitzaizkiola pentsatu zuen. Eta tximistak ez ziren lurretik ikusten ziren bezalakoak. Alde guztietan zeuden, eta imajina zitezkeen forma guztiak zituzten. Hurbilenak xafla urdinxka erraldoi gisa ikusten zituen, hainbat metroko lodierakoak, batzuetan pareka, guraize baten antzera; bitan zatituko zutela sentitu zuen. Eta tximista bakoitzaren atzetik, erabateko iluntasuna. Beltzean galduta.

Tximista batek paraxuta argiztatu zuen. Halako efektua egin zion, ezen hilda zegoela pentsatu baitzuen. Kupula hura ikusita, leunki argiztatutako eliza batean zegoela sentitu zuen. "Agian hau duk. Honela hasten duk hil ondorengoa. Hilda hago, Bill. Bukatu duk."

Baina ekaitzak jarraitu zuen. Eta bazirudien ez zela inoiz bukatuko. Erlojua begiratu zuen: 6:20 p.m. "Ene Jainkoa, lurrean behar huen gutxienez orain dela hamar minutu! Harrapatuta hago!"

Euria etengabe ari zuen. Batzuetan, hainbeste ur zegoen, ezen arnastean ura sartzen baitzitzaion. Itoko zen. "Hau marka, zuhaitzen batean zintzilik hire gorpua aurkitzen diatenean, birikak urez beterik, ezingo ditek ulertu lehorrean nola ito haizen!" Eta kazkabarra gero. Harria. Mailu-sinfonia bat gorputzean joka. Ez zekien ze tamainako harriak ziren, ezin zituen ikusi, ez zen begiak irekitzen ausartzen. Baina gogorrak ziren.

Pixkanaka, airea leunago nabaritu zuen, eta euri atsegina. Sentitu zuen lurretik gertuago zegoela. Eta berde-zati bat ikusi zuen laino artetik. Lurreratzera zihoan. "Orain ongi egin ezak. Zaindu abiadura. Ez hadi orain hil, guzti hau eta gero, lurreratze txar batekin".

Zuhaitzetan trabatu zen paraxuta, eta enbor baten kontra joan zen, buruz. Baina gai izan zen jaisteko. Erlojua: 6:40 p.m. Lurrean etzan zen.

PS: William Rankin pilotuari 1959ko uztailean gertatutako istorioa da hau, Rankinek berak idatzitako The Man Who Road the Thunder liburuan oinarritua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia