#KZJaia2: 3. bilduma
2014/06/23 Elhuyar Zientzia
Bukatu da bidaia. Zortzi astez ibili gara izarrak, asteroideak eta sateliteak bisitatzen. Lehenengo 3 asteetan 16 izar ezagutu genituen, hurrengo 3 asteetan 11 izar eta 11 asteroide, eta azken bi astetako txanpa honetan beste asteroide bat eta 15 satelite. Hemen duzue azken bi asteetan ikasi dugun guztiaren bilduma:
- Europa: “Puxika puztu putz egin gabe?” Etxean umeekin egiteko moduko esperimentu bat ekarri zigun Txoni Matxainek, bideo ta guzti, Nola Ikasi Kimika Kuantikoa Izutu Gabe blogean.
- Ilargia: “Jon Herschelen Ilargi miragarria”. Ilargiaren inguruko iruzur handi baten berri ekarri zigun Elhuyar Aldizkariak. John Herschel astronomo ospetsuak Ilargian izaki txundigarriak ikusi zituela zabaldu zuen New York Sunek 1835ean.
- Deimos: “Laktosari tolerantzia”. Laktosa digeritzeko gaitasunaz pozik hitz egin zigun Koldo Garcia EtxebarriakEdonola blogean; pozik, kafepintxoan kafesnea hartu dezakeelako.
- Fobos: “Telefonoaren benetako asmatzailea”. Donostiako San Ignazio Ikastetxeko DBHko 4. mailako Ane Legarrak telefonoa benetan nork asmatu zuen argitu zigun Galtzadaberri blogean. Eta ez zen Graham Bell izan!
- Adrastea: “Lurrazalaren zimur guztiak agerian” Lurrazalaren zimurrak agerian jarri dizkigu Amaia Portugalek, TerraSAR-X eta TanDEM-X sateliteen laguntzaz, Zientzia Kaieran
- Aitne: “Antton Alberdi: ‘Ezinbestekoa iruditzen zait zientzialari guztiok dibulgazioari tarte bat eskaintzea’”. UEUkoUnibertsitatea.net atariak Antton Alberdi biologian doktoregai eta dibulgatzaileari egindako elkarrizketa ekarri zigun. Belarrihandi alpetarrari buruz egiten ari den tesiaz eta zientzia dibulgazioaz hitz egiten du Alberdik elkarrizketan.
- Amaltea: “Zientzia, zertarako?” Txoni Matxainek, Plazaberrin idatzi zuen iritzi-artikulua ekarri zigun. “Zientziaren helburuetako bat bada gure bizitza hobetuko duten aplikazioak garatzea, baina hau ez da helburu nagusiena… ezagutzak askeago egiten gaitu” dio Matxainek.
- Ananke: “Bi hizkuntzekin hazi” Bi hizkuntzekin haziko diren ume eta haien gurasoentzako aholku batzuk ekarri zizkigun Txerra RodriguezekGaraigoikoa blogean. Izan ere, “bi hizkuntzekin haziko den umeak guraso aktibo eta kontzienteak behar ditu”.
- Aoede: “(Genomaren) tamainak ez du axola”. Izaki bizidunen konplexutasuna eta genomaren tamaina ez daudela lotuta erakutsi zigun Koldo Garcia EtxebarriakEdonola blogean.
- Arke: “Astronomia zibilizazio zaharretan”. Borja Lizarribar Donostiako San Ignazio Ikastetxeko batxilergoko 2. mailako ikasleakantzinako zibilizazioetako astronomiaren errepaso bat eskaini zigun Galtzadaberri blogean.
- Autonoe: “Eugene ez da hain argia ere”. Eugene Goostman konputazio-programaz eta Turingen testaz hitz egin zigunAmaia Portugalek Zientzia Kaieran.
- Elara: “Kafepintxo&ikerkuntza solasaldiak: Koldo Garcia”. Autoelkarrizketa batekin ospatu zuenKoldo Garcia Etxebarriak bere doktoretza-tesiaren 4. urteurrena eta#KZJaia2 ra egin zuen 10. ekarpena.
- Erinome: “Txantxiku I, Oñatitik estratosferara”. Misio espazial oso berezi baten kronika egin zigun Manu Arregi Biziolak Zientzia.neten, bideo ederrez lagunduta. Ekainaren 14ean, Txantxiku I zunda estratosferara bidali zuten Oñatitik.
- Esponde: “Bero espezifikoaren froga esperimentala”. Uda bezperako tenperaturekin animatuta, Elhuyar Zientziako kide batzuek esperimentalki frogatu ziguten bero espezifikoaren kontzeptua Zientzia.neten. Danel Solabarrieta busti nahi zuten batzuek, baina zientziak ez zuen huts egin!
- Euante: “Bernardo Atxaga”. Norteko Ferrokarrillak Bernardo Atxagari egindako elkarrizketa ekarri zigun. Atxagak azaltzen du nolako harremana duen zientziarekin, eta, hortik abiatuta, hausnarketak kulturaz, zientziaz noski, eta geure buruaz.
- Euporia: “#KZJaia2ri amaiera emateko mojito berezia!”. Modu ezin hobean eman genion amaiera #KZJaia2 jaialdiari, Lorea Arakistainek izotz lehorrarekin prestatu zigun mojitoarekin.
Eta honaino, #KZJaia2-k eman duena. Zientzia.net-entzat ohorea eta plazera izan da jaialdi honen anfitrioi izatea. Adiorik ez, #KZJaia3 ere etorriko da eta, baina uda ondoren jakingo dugu nork eta noiz hartuko duen testigua. Orain, ongi merezitako deskantsua hartzea tokatzen da, eta horretarako ezin hobe datorkigu azken mojito berezi hori. On egin!!
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia