La Garrotxako bulkanismoa, Iberiar penintsulako gazteena
2023/05/23 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
La Garrotxako bulkanismoa Iberiar penintsulako gazteena izan zela frogatu dute eremu bolkaniko hartan egindako azken ikerketek. Nazioarteko ikertzaileak aritu dira lanean, tartean, Burgosko Unibertsitateko Eneko Iriarte Avilés, eta bi artikulutan argitaratu dituzte emaitzak; The Holocene eta Scientific Reports aldizkarietan, hurrenez hurren.
Iriartek nabarmendu duenez, artikuluetan La Garrotxaren bilakaera paleoklimatikoari buruzko datu berri eta interesgarriak aurkeztu dituzte: “Funtsean, ikusi dugu jarduera bolkanikoa duela 8.300 urtera arte hedatu zela; eta, orain arte, duela 13.000 urte inguru amaitu zela uste zen. Horrek esan nahi du Iberiar penintsula osoko bulkanismorik gazteena dela”.
Jarduera horrei lotutako xehetasunen artean, azaldu dute zenbait kolada bolkanikoek Fluvià ibaiaren harana itxi zutela, Olotetik gertu. “Gaur egun Pla de les Preses deitzen den lautadan, laku handi bat sortu zen. Haren erregistro sedimentarioan, hainbat adierazle geologiko eta biologiko aztertu ditugu (errauts-geruzak eta lapilli bolkanikoak barne), eta, haiei esker, azken 14.000 urteetako bilakaera paleoklimatikoa argitu dugu”, adierazi du Iriartek.
Besteak beste, jarduera bolkanikoak landare- eta laku-ekosistemetan izandako eragina aztertu dute, eta, azaldu dutenez, aldaketa klimatiko bortitz batzuk ere izan ziren. Haien arabera, informazio horrek aztarnak eman ditzake jakiteko zer ondorio izan ditzakeen gaur egungo beroketa globalak.
Horrez gain, bulkanismo hark inguruko giza populazio mesolitikoetan izan zuen eragina ikertu dute. Ikertzaileen esanean, agerian geratu da inguruko populazio ehiztari-biltzailearen erresilientzia, gai izan baitziren egoerara moldatzeko eta arriskua egoki kudeatzeko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia