}

Labar-artea azkarrago honda liteke klima-aldaketaren eraginez

2021/05/19 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

labar-artea-azkarrago-honda-liteke-klima-aldaketar
Arg. Linda Siagian

Indonesiako labar-pintura batzuetan egindako azterketa batean ondorioztatu dutenez, litekeena da klima-aldaketaren ondorioz pintura horiek azkarrago hondatzea. 

Maros-Pagnkepeko haitzuloetan eta babeslekuetan dauden kolore gorri eta moreko pigmentuekin egindako pinturek 20.000 eta 45.000 urte artean dituzte. Haien artean daude, esaterako, eskuen irudi zaharrenak. Zenbait zantzuk erakusten zuten pinturak hondatzen ari direla, eta, azken hamarkadetan, gero eta azkarrago, gainera; baina ez zegoen argi zergatik.

Orain, pinturak dauden lekuetan arrokaren gainazalean altxatzen hasita dauden printzak aztertu dituzte, eta kaltzio sulfato eta sodio kloruro gatzak aurkitu dituzte. Gatz horiek kristalak sortzen dituzte, eta arroka apurtzen.

Ikertzaileek azaldu dute euri-aldi eta lehorteen arteko tenperatura- eta hezetasun-aldaketak oso aproposak direla gatz-kristalak sortzeko, eta aldaketa horiek areagotzen ari direla  klima-aldaketaren ondorioz. Scientific Reports aldizkarian argitaratu dute lana.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia