}

Labezomorro kaotikoa

2010/02/14 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Labezomorroa intsektu ilun eta nazkagarria dela esango dizue askok. Baina, beste gauza askotan bezala, zein begirekin begiratzen dugun da kontua. Izan ere, zenbaitetan txundigarria ere suerta liteke. Kasu honetan bezala. Animalia horren abileziak aintzat hartuta eta kaosaren teorian oinarrituta, labezomorro baten itxura duen robot bat garatu dute Alemaniako zenbait ikertzailek. AMOS izena jarri diote robotari.
AMOS robota
P. Manoonpong et al.

AMOS robotak sei hanka, hanken mugimendua kontrolatzeko 18 motor eta berotasunari, argitasunari eta lurzoruaren kontaktuari buruzko informazioa emateko 18 sentsore ditu. Ikertzaileen helburua izan da robotaren ibilera inguruan gertatzen diren aldaketei azkar eta automatikoki moldatzeko gai den prozesadore arrunt bat garatzea. Robot baten edozein portaera, hala nola ibilera aldatzea, lan zaila eta neketsua da. Izan ere, ibilera-mota bakoitzak hardware bat behar du robotaren portaera kontrolatzeko eta gobernatzeko. Helburu hori lortzeko, kaosaren teorian oinarritu dira Alemaniako ikertzaileak.

Kaosaren teoria

Edwarz Lorenz atmosferako geruzak berotu eta hoztuz sortzen diren zurrunbiloak aztertzen ari zen. Erraza zirudien ekuazio-sistema baten bidez, zurrunbilo baten barruan uzten den partikularen ibilbidea grafikoki adierazi zuen.

Kaosaren teoriaren arabera, sistemak oso sentikorrak dira aldaketa txikiekiko, eta aldaketa txiki horiek, aldi berean, ikaragarrizko aldaketak eragin ditzakete. Alegia, inguru dinamikoetako gertakari txikiek aldaketa erraldoiak eragin ditzakete. "Kaosaren teoria" deituriko ikerketak iraultza ekarri zuen zientziara. Edward Lorenz AEBko meteorologoa izan zen kaosa azaldu zuen zientzialaria. Horrenbestez, askotan aipatzen da Lorenz meteorologoaren azterketa bat kaosaren lehen adibideetako baten modura. Gaurdaino irtenbiderik eta ebazpenik gabeko arazo zail asko ari da konpontzen teoria hori, eta, gaur egun, mundu osoko zientzia-fakultate askotako ikertzaileak ari dira zientziaren arlo horretan lanean. Litekeena da gehienek galdera bera izatea eskuartean: Lorliteke ordenarik, kaosetik abiatuta? Zientzialarien ustez, fenomeno natural asko, itxuraz ordenatuak direnak, kaoseko egitura bati esker sortu dira.

Oraingoan, Alemaniako ikertzaileek zirkuitu sinple bat eraiki dute AMOS robotaren portaera konplexu batzuk gainditzeko. Zirkuitu horretako prozesadoreak algoritmo kaotiko bat erabiltzen du gerta litezkeen aldaketak sortzeko eta sailkatzeko, eta berehala ezabatzen ditu aldaketa desegokiak.

Kaosaren teoria eta robotikaren arteko konbinazioak zenbait aplikazio izan ditzake medikuntzan. . (Artxibokoa).

Kaosaren kontrol-teknika horri esker, AMOS robota lur latz eta zimurretan ibil daiteke, harraparietatik ihes egin dezake eta energia aurrezteko ibilera aukeratu dezake aldapa gora dabilenean. Halaber, gai da oreka galtzen duenean edo oina zulo batean sartzen duenean orekari eusteko eta oina zulotik ateratzeko.

Ikertzaileek ikusi dute kaosaren teoriaren eta robotikaren arteko konbinazio hori lagungarria izan daitekeela animalien mugimenduak ulertzeko, eta medikuntzan hainbat aplikazio izan ditzakeela, hala nola epilepsia, parkinsona eta migrainak dituzten gaixoetan kaltetutako neuronen jarduera egonkortzea. Besteak beste, migrainak agertu baino lehen burmuinean sortzen diren zenbait uhin ikertzen dihardute Alemaniako ikertzaileek; izan ere, uste dute edo haien hipotesia da pertsona osasuntsuetan burmuinean gertatzen diren zenbait erreakziok uhin horiek ezabatzen dituztela. Beraz, litekeena da etorkizunean kaosaren kontrola erabiltzea uhin horiek ezabatzeko.

7k-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia