Laborategiko animalien ordez saio-hodiko gibela
2014/03/26 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Albo-ondorioak botikak gibelean metabolizatzean sortzen diren metabolitoek eragindakoak izan ohi dira. Horregatik, botikak komertzializatzeko gainditu beharreko entseguetan gibeleko metabolitoen toxikotasuna aztertzen da. Bada, laborategiko animaliak erabili beharrean entseguak saio-hodian egiteko aukera ematen du Biomimiks izeneko gibel kimiosintetikoak.
Ez dute gibel oso bat sintetizatu, entzima-talde baten baliokidea baizik. Biomimiks botiken metabolismoan eragiten duen gibeleko zitokromo P450 entzima-taldearen egitura eta funtzioaren pareko sintetikoa da. Gibel kimiosintetiko horrekin metabolitoen perfil zehatza egiten da; azkar, gainera, animaliekin egindako entseguekin alderatzen bada.
Estatu Batuetako Kimika Elkartearen bilera batean aurkeztu dute gibel kimiosintetikoa, eta botika gehiagorekin frogatzen jarraitu behar duten arren, zenbait kasutan animaliekin egindako entseguak ordezkatuko dituen itxaropena dute, besteak beste, aldi berean hartzen diren botiken interakzioak ikertzeko baliabide egokia izan daitekeelako.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia