Lagunik onena
2018/02/25 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Adituak ez dira ados jartzen noiz bilakatu zen txakurra gizakiaren lagunik onena. Batzuen esanean, duela 17.000 urte baino gehiago gertatu zen, Paleolitoan, gizakia ehiztari-biltzaile zenean. Hipotesi horren alde egiten du, adibidez, txakur primitiboen fosilak aurkitu izanak ehizatutako mamuten hezur asko pilatzen diren lekuetan. Beste batzuek, ordea, etxekotzea Neolitoan gertatu zela diote, hau da, duela 17.000-7.000 urte, gizakia nekazari eta abeltzain bilakatzearekin batera.
Azterketa genetikoek ere ez dute lortu erabat argitzea eztabaida. Txakurren eta beste espezie ahaideen genomak alderatuta, batzuek Europan kokatzen dute txakurraren sorrera, eta beste batzuek, Asian. Gainera, espeziearen bilakaera ez da lerro zuzenean gertatu, tarteka otsoekin eta beste ahaideekin nahastu baita, eta nahaste horiek arrastoa utzi baitute haren genoman.
Garbi dute, hori bai, txakurra ez dela etxekotutako otso bat, baizik eta biak datozela urruneko arbaso beretik. Bi espezieok genetikoki bereizten dituzten ezaugarrien artean, karbohidratoak asimilatzeko gaitasunarekin lotutakoak daude: txakurrek otsoek baino erraztasun handiagoa dute, amilasa eta maltasa entzima gehiago ekoizten dituztelako.
Txakurra non eta noiz etxekotu zen azaltzeko ikerketa genetiko ugari badaude ere, ez daude hainbeste haien izaeraren edo jokabidearen gainekoak, otsotik bereizten duen alderdi nabarmenetako bat hori den arren. Dena den, horien artean bada bat oso deigarria: nonbait, txakurren lagunkoitasunaren oinarri genetikoa gizakiotan gehiegizko jendetasuna eragiten duen sindrome batenaren oso antzekoa da.
Williams-Beuren izena du sindrome horrek. 20.000 pertsonatik bati eragiten dio; pertsonok aurpegiera berezia dute, asaldura kognitiboak eta neurrigabeko jendetasuna. Sindromearen jatorria genetikoa da; zehazki, 7 kromosometako batean zati jakin bateko galerak eragiten du.
Gure 7 kromosoma txakurren 6arekin bat dator. Hortaz, Oregongo Unibertsitate ikertzaile batzuek kromosoma hori aztertu dute, eta zati horretan zer gertatzen den begiratu dute. Eta baieztatu dute Williams-Beuren sindromea duten 7 kromosomaren antzekoa dela. Are gehiago, ezaugarri genetiko hori txakurren lagunkoitasunarekin erlazionatuta dagoela ere frogatu dute.
Ikertzaileek azaldu dutenez, txakurren jendetasunaren atzean aldaera genetiko jakin bat egotea lagungarria izan da otsoetatik azkar bereizteko. Hortik aurrera, pertsonek beste portaera batzuk ere bultzatu dituzte, askotan zereginei lotuta: eremu mugatu bat babestea, etxekoak zaintzea, ehizatzea… Denen oinarrian dago, baina, gizakiaren laguntasuna bilatzea.
Berria egunkarian argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia