}

Laguntzen ez duen dopina

2000/10/03 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Kirolariek maiz erabili duten hazkuntzaren hormonaren eraginkortasunik ez da ikusi azken ikerketetan

Ehun metro hamar segundo baino gutxiagotan korritzeko gai diren kirolariak ikusi ditugu egun hauetan. Bizikletaren gainean hirurogei kilometro orduko baino azkarrago doazenak, uretan berrehun metro bi minutu baino gutxiagotan igeri egiten dutenak edota berrogei kilometro korrika egin ondoren hiltzen ez direnak ere. Eta ez hori bakarrik. Sydneyko Olinpiar Jokoak direla eta, telebistak mota guztietako munstroak aurkeztu dizkigu. Nola lortzen dute horrela egotea?

Noski, entrenatu egiten dira. Baina Joko batzuetara joateko beste mota bateko metodoez baliatzea ia ezinbestekoa da, metodo kimikoez alegia. Kirolaren alderdi iluna da. Dopinak kirolaren araudiaren etengabeko eguneratzea eskatzen du. Hala ere, kimikak ezusteko bitxiak ere tarteka ekartzen ditu.

Azken ikerketak

Kirolari askok maiz erabiltzen dituzten debekatutako substantzien artean hazkuntzaren hormona dago. Epe motzean izan ditzakeen ondorioak, ordea, ez dira oso ezagunak. Goteborgeko (Suedia) ikertzaile batzuk hormona horrek ariketa fisikoa egiteko ahalmena ez duela handitzen aurkitu dute. Emaitza hori Portland hirian (Estatu Batuak) izandako biologia eta kirolari buruzko kongresuan aurkeztu dituzte.

Ikerketarako ikertzaile suediarrek hogeita hamar boluntario erabili dituzte, 19 eta 35 urte bitarteko hamabost mutil eta hamabost neska. Azterketa aleatorioki emandako plazeboen bitartez kontrolatu zen. Kirolari guztiei ekokardiografiak egin zitzaizkien tratamendua jaso baino 28 egun lehenagotik eta bukatu baino 28 egun geroago arte. Hormona eman zitzaien, dosi handietan zein txikietan. Gainera, Doppler ekokardiografiaren teknika ere erabili zen ikerketan.

Kenneth Caidahl doktoreak, proiektuaren buruak, esaten duenaren arabera, ez da emaitzetan ariketa fisikoa egiteko ahalmenaren hobekuntzarik igartzen. Ez hormonaren dosi handiekin, ezta txikiekin ere. Gainera, ez zen aldaketarik ikusten kirolarien etekinetan (erresistentzian, adibidez), ezta kontsumitutako oxigeno kantitatean ere.

Hala eta guztiz ere, kirolariak ez dira zientzialarien kezka bakarra. Hazkuntzaren hormonak umeen garapen normalean ere garrantzi handia du. Izan ere, detektatzeko proba azkarra eta fidagarria izatea ezinbestekoa da. Hormonek duten arazoa da oso kantitate txikietan sor dezaketela efektua. Beraz, probari sentikortasun handia eskatzen zaio. Wyoming-eko unibertsitateko Roberta Sulk kimikariak 500.000 dolarreko beka jaso zuen esparru horretan ikertzeko. Raman espektroskopian oinarritutako proba garatu berri du.

Proba garatzeko aspaldidanik izan den arazo larria laginak lortzea izan da. Hormona kantitate handia behar da laborategiko proba asmatzeko. Duela hamabost bat urte arte, molekularen iturri bakarra hildako baten guruin pituitarioa zen. Lan astuna zen. Gorputik guruin osasuntsua atera eta proteinaren isolatze kimikoari ekin behar izaten zioten zientzialariek. Orain metodologia asko aldatu da. Izan ere, ingeniaritza genetikoaren bitartez, substantzia horien kantitate handiagoak erraz lor daitezke. Gorpuen beharrik ez dago. Laborategiko lan soila da.

Metodologia gogorretik iheska

Orain arte, intsulinako gaindosia erabili ohi da hazkuntzaren hormonaren ekoizpena sustatzeko. Ume batzuentzat metodo hori oso kaltegarria suertatzen da. Gainera, analisia burutzeko egunak behar ziren. Oraingo probak hogei minutu besterik ez ditu behar emaitzak lortzeko. Sistemaren eraginkortasuna baieztatu eta Detection Limit enpresari eman zaio dirua proba egiteko tresnaren prototipoa diseinatu dezaten.

Kirolariek hormona asko erabiltzen dute, gorputzaren ohizko substantzia delako. Oro har, detektatzen zaila dela uste dute. Baina Sulk-ek garatutako probak naturalak ez diren kantitateak detektatzen ditu. Gainera, hormonaren efektua espero litekeena ez denez, dopin mota horren etorkizuna kolokan geldi daiteke hurrengo urteotan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia