}

Landare estralurtarren kolorea

2007/05/20 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Landareak leku askotan ikusten ditugu: mendian, zelaian, baratzean, parkean, etxeko lore-ontzian, kaleko espaloian.... Bakoitzak bere behar eta ezaugarriak ditu, baina landare gehienek gauza bat behintzat badute berdina: kolorea. Landareen kolore nagusia berdea da.
Beste planetaren batean landarerik balego, berdea izan beharko luke nahitaez?
NASA

Lurrean bai, berdeak dira landare gehienak. Eta Lurretik kanpokoak, edo, hobeki esanda, eguzki-sistematik kanpoko planetetakoak? Beste planetaren batean landarerik balego, berdea izan beharko luke nahitaez? NASAn egin duten ikerketa batean ezetz diote, Lurraren propietateen eraginez dutela landareek kolore berdea, eta beste kondizio batzuetan beste kolore bateko landareak haz daitezkeela.

Lurreko landareei klorofilak ematen die kolore berdea, fotosintesia egiteko ezinbestekoa duten molekula batek. Klorofila pigmentu bat da, hau da, kolore jakin bateko (berdea) argia islatzen duen molekula bat. Argia islatzen duelako ematen die kolorea landareei, baina argia xurgatu ere egiten du. Xurgatzen duen argi horri esker lortzen dute landareek beharrezko energia uretik eta karbono dioxidotik abiatuta materia organikoa sortzeko.

Zergatik klorofila?

Litekeena da beste planetaren batean landareen kolorea horia, gorria, urdina edo beste edozein izatea.

Lurreko landareak inguruko kondizioetara moldatuta daude. Eguzkiak kolore eta ezaugarri jakin batzuetako izpiak igortzen ditu, batzuk besteak baino ugariago. Lurrera iritsi aurretik, izpiek atmosfera zeharkatzen dute, eta atmosferako gasek argiaren parte bat xurgatzen dute. Horren ondorioz, Lurrera iristen den argian, izpi gorriak eta urdinak dira ugarienak. Landareek argi hori ahalik eta hobekien erabiltzen dute; hain zuzen ere, kolore horiexek erabiltzen ditu gehien klorofilak.

Argia, dena den, ez da berdin iristen Lurreko leku guztietara. Uretan, esate baterako, argiaren propietateak aldatu egiten dira. Batetik, ura jotzen duenean, argiaren parte bat islatu egiten da, uretara sartu ere egin gabe. Bestetik, uretan disolbatuta eta esekiduran dauden partikulek argia xurgatzen dute. Ura zenbat eta uherragoa izan, orduan eta argi gutxiago iristen da uretako organismo fotosintetizatzaileetara. Ur uherretan bizi diren organismoak kondizio horietara egokitu dira. Adibidez, ingurune horretan bizi den bakterio-mota batek fotosintesirako argi infragorria erabiltzen du, inguruan duen argi ugariena baita.

Lurrean bertan horrelako aniztasuna ikusita, eguzki-sistematik kanpoko planetetan oso litekeena da kondizio fisikoak ere bestelakoak izatea; alegia, izar bakoitzak igortzen duen argiak beste propietate batzuk izatea, bizia izan dezaketen planetek bestelako atmosfera bat izatea... Beraz, beste planeta horietan fotosintesiak ez du Lurrean bezalakoa izan beharrik; ezta landareek ere, noski. Litekeena da beste planetaren batean landareen kolorea horia, gorria, urdina edo beste edozein izatea.

Landareen arrastoaren bila

NASAko ikertzaileek Lurreko bizidun fotosintetizatzaileek xurgatzen eta islatzen duten argia aztertu dute.
NASA

NASAko ikertzaileek jakin nahi dute eguzki-sistematik kanpoko planetaren batean fotosintesia egiten duen landarerik ba ote dagoen. Hainbat ikerketatan baiezkoaren zantzuak hauteman dituzte: ikusi dute planetaren batean fotosintesia egiten duten organismoak egoteko eta fotosintesia gertatzeko beharrezko kondizioak daudela.

Hortik abiatuta, NASAkoek urrutirago iritsi nahi dute. Jakin nahi dute, planeta batean landarerik balego, landare horiek zein argi-mota islatuko luketen, eta argi hori espaziotik nola ikusiko litzatekeen. Hori ezagututa, uste dute jakin ahal izango dutela landareek fotosintesia zein pigmenturi esker eta zein kondiziotan egiten duten. Horretarako, lehenik Lurreko bizidun fotosintetizatzaileek xurgatzen eta islatzen duten argia aztertu dute. Lehenengo pausoa eman dute, bai; bide luzea dute aurretik, ordea!

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia