}

Landare transgenikorik Europako Merkatuan?

2001/09/01 Escajedo San Epifanio, Leire - Konstituzio Zuzenbideko IrakasleaEHU Iturria: Elhuyar aldizkaria

Clintonek esan zuen munduko goseteak gainditzeko tresna dela landareen eraldaketa genetikoa. Terapia berrien abiaburu, botikagintzarako ezinbesteko, industria ekologikoagorako lehengai… Hain omen dira erabilgarri landare transgenikoak, ezen labore transgenikoak behi eroen auzian ere aipatu izan diren, animalia-jatorriko irinen ordezko moduan. Argi dago, baina, Europak ez dituela begi onez ikusten. Estatu Batuetan 1994an heldu ziren lehen landare transgenikoak, tomateak, supermerkatuetara. Europan, ordea, iritsi berri dira (2000) merkaturatzeko aurreneko bost baimenak; baldintza askorekin, ordea, eta, gehienak, animalien kontsumorako. Zer dago politika horren atzetik?

Duela hogei urte baino gehiago plazaratu ziren lehen saioak

1970eko hamarkadaren bukaerakoak ditugu lehen transgenesi-saio ezagunak. Organismo eukariotoen elementuak bakterioetan ( Escherichia coli ) sartzea lortu zen, hots, naturan urrun zeuden espezie bi lotzea. Zientifikoen artean eztabaida itzela sortu zuen horrek. Gizakiak zeharkatu omen zuen, askoren ustez, inoiz zeharkatu behar ez zuen muga: naturak berak ezartzen duena, alegia. Ikerketa guztiak bertan behera uztea eskatu zuten zientzialari askok, genetikoki eraldatutako organismoetatik zer-nolako ondorioak eratorriko liratekeen jakin arte behintzat.

Baina ikerketek aurrera egin zuten eta epe laburrean lortu ziren lehen landare transgeniko interesgarriak. 90eko hamarkadarako helduak ziren horietako batzuk zenbait herrialdetako supermerkatuetara. Gainera, landareen egitura genetikoa ugaztunena baino sinpleagoa da eta horrek esperimentuak erraztu egin ditu. Ezin ukatu, baina, ikerketen garapenean asko lagundu duen beste faktore bat: landareekin egindako esperimentuek ez dutela ugaztunekin egindakoek adina oztopo etiko izan, alegia.

Azken urteotan, baina, landareen transgenesiak gero eta interes handiagoa piztu izan du komunikabideetan. Zergatik? Zalantzarik gabe, lehen elikagai transgenikoak heltzen hasi direlako gure Europako merkatura. Europako erakundeei dagokie horien aurreko erabakiak hartzea.

Etikoki ohizko nekazaritzaren parekotzat hartzen da

Batzuen ustez, gizakiak transgenesiarekin “Jainko izatera” jolasten du. Transgenesiak izaki batek jatorriz duen egitura genetikoa eraldatzen du, beste izaki-mota baten geneak sartuta. Beste batzuen ustez, ordea, erronka itzela da bioteknologiaretzat: gizakien eta animalien elikagai-iturri, botikagintzarako eta industria ekologikoentzako lehengai-iturri eta abar izan daiteke.

Landare transgeniko esaten zaie euren genoma artifizialki eraldatuta duten landareei. Horrelako landareak gizakien eta animalien elikadurarako, botikagintzarako eta bestelako industrietarako dira erabilgarriak.

Eztabaida etikoak ez du oihartzun handirik izan landareen transgenesiaren kasuan, ez ugaztunen transgenesiak adinakorik behintzat. Baina ez da harritzekoa. Izan ere, landareen transgenesiaren helburua eta nekazaritza tradizionalarena bera da: landareen nolabaiteko hobekuntza genetikoa, alegia. 8.000 urte baino gehiago daramatzagu hazi eta lur emankorrenak aukeratzen, ongarri egokienak, izurriteak gainditzeko tresnak… erabiltzen uzta hobeak lortzeko. Zentzu zabalean, bioteknologikoak dira hobekuntza genetikorako teknika horiek, bai eta hainbat fruiturekin ardoa egiteko prozedurak edo ogia egitea ahalbidetzen dutenak ere.

Laborategiek sendotu eta argitu dituzte bioteknologia tradizionalaren oinarri teorikoak eta, gainera, oinarri horiek kudeatzeko teknologia garatu dute. Baina bioteknologiaren helburua ez dute aldatu. Teknika horiei egotzi izan zaien eragozpen etiko sendo bakarra ingurugiroaren gain nekazaritza tradizionalak baino eragin potentzial handiagoa izatea da.

Bestalde, ulertzekoa da herrialde gehienek “nekazaritza moderno” hori ekidin ordez garatu egin nahi izana. Horren harian, teknika horiei jarri zaien muga bakarra, ingurugiroarentzako ‘ohiz kanpoko’ arriskurik ez sortzea izan da. Helburu politiko horri edo Biosegurtasuna ( Biosafety ) izena eman zaio eta 1999az geroztik indarrean dago hari buruzko nazioarteko itun bat: Kartagenako Biosegurtasunerako protokoloa.

Landare transgenikoak sortzeko prozesua

1. fasea: transgenea isolatu
Ezaugarri interesgarri bat atzeman
Ezaugarri horren eragilen diren proteina eta genea zein diren zehaztu
Gene hori isolatu (gene isolatu horri transgene deritzo)

2. fasea: eraldaketa genetikoa
Eraldatu nahi den landarearen zelula baten egitura genetikoan transgenea txertatu

3. fasea: birsorkuntza
Eraldatutako landare-zelula eragin, landare bilakatu dadin

Landare transgenikoak nazioarteko merkatuetan

Mundu mailan, 1994. urtean merkaturatu ziren aurreneko landare transgenikoak: Flavr Savr® tomateak. Eraldaketa genetiko baten ondorioz, tomate haien azala ez zen ohi bezain arin biguntzen. Tomateak garraiatzeko primerako abantaila zen hori. Keptchup moduan saldu ziren Estatu Batuetako supermerkatuetan, ez tomate-aleak, eta produktuaren etiketetan horrela adierazi zen. Saiatu dira bai, baina ofizialki ezin izan dute horrelakorik saldu Europan. Hala ere, eraldaketa genetiko gehienak ez dira gizakiek zuzenean kontsumitzen dituzten landareentzako pentsatu, produktu eratorriak sortzeko lehengai diren landareentzako baizik eta, bereziki, laboreentzako.

Nola garaitu artoaren kokoa garaua (eta inguruko beste landare eta animaliak) kaltetu gabe? Produktu kimiko egokiak lortzea zaila da, are zailagoa produktu horrek merkea eta ekologikoa izan behar badu.

Artoa, soja eta koltza dira mundu mailan gehien ekoizten diren landareak, bai animalien bai gizakien kontsumorako produktuen lehengai nagusi gisa. Landare horien genoma aldatuta lortu da erresistentzia genetiko berezia ematea, herbizida edo intsektizidak jasan ditzaten. Intsektuekiko erresistentzia ere lortu nahi izan da labore horietan, bereziki artoaren kokoarekikoa. Uzta onak izaten dituen oztoporik handienak gainditzen dira horrela.

Europan duela gutxi hasi dira labore horietarako batzuk ekoizten, baina oso eskala txikian. Horrek ez du esan nahi, ordea, gure merkatuetan ez daudela labore transgenikoetatik eratorritako produktuak. Zenbait herrialdetako legeek ez dute eskatzen prozesu industrialetatik eratorritako produktuetan lehengaietarako labore transgenikorik erabili dela adieraztea. Ezin jakin daiteke, beraz, herrialde horietatik datozkigun produktu manufakturatuen lehengai moduan landare transgenikoren bat erabili ote den. Hartara, ez dirudi Europako agintariek hartu dituzten neurriak nahikoak direnik.

Europan baimendu diren transgenesi-ikerkuntzak

Ikerketa bioteknologikoan Estatu Batuek alde handia ez ateratzeko, Europako Batasunak 1987an genetikoki eraldatutako organismoen ( Genetically Modified Organism , GMO) inguruko politika ofiziala jarri zuen abian. Hiritarrek bioteknologia modernoa begi onez ikus zezaten, Europako erakundeen aurreneko urratsa bioteknologiak ingurugiroan izan zezaken eragina finkatzeko ikerketa-egitarau batzuk sustatzea izan zen. 400 ikertzailek sinatutako txostena argitaratu zen 1994an, eta bertan esaten da “ez da aurkitu bioteknologia modernoak eraginda ekosistemen orekarentzat kaltegarri den fenomenorik”.

Berehala baimendu ziren Europan aurreneko ikerketa bioteknologikoak, nahiz eta horrek ez zuen esan nahi ikerketa horien emaitzak etorkizunean merkaturatu egingo zirenik. Estatu bakoitzak bere lurraldeko ikerketa-baimenak kudeatuko zituen arren, edozein ikerketa-proiektu egiteko baimena, derrigor, segurtasun neurri egokiak bermatu ondoren soilik emateko agindu zuten Europako erakundeek.

Hogei bat landare transgenikoren ikerkuntza baimendu da Estatu Espainiarrean, mahatsa da horietako bat.

Estatu Espainiarrean 1994tik dago indarrean GMOen ikerkuntzari buruzko araudia eta segurtasun-neurriak betetzen ez dituztenentzat diru-zigorrak eta kartzela-zigorrak daude aurreikusita. Hogei bat landare transgenikoren ikerkuntza baimendu da. Hala nola, hainbat laborerena, kotoiarena, zenbait zuhaitz-motarena, patatarena, marrubiena, meloiarena, laranjarena eta mahatsarena. Horietako batzuei birusen aurkako erresistentzia garatuarazi zaie, beste batzuei intsektuen aurrekoa, eta badira hazkundea bizkortzeko edo heltzea moldatzeko zenbait aldaketa genetiko egin zaienak ere.

Landare-transgenikoen komertziorako baimenak EBean

Ikerkuntza-faseak 1995etik aurrera eman zituen fruituak, eta Europako Batasunari transgenikoak merkaturatzea posible zen edo ez eta nola erabakitzeko ordua heldu zitzaion. Normalean, produktu bat merkaturatzeko, aurrena produktua patentatu egiten da, asmakizuna babesteko. Baina aurkikuntza bioteknologikoen patenteak ez daude oraindik erabat araututa Europako estatuetan.

Egoerari irtenbidea eman nahian, Europako Batasunak aldi baterako prozedura antolatu du, Europako erakundeen zein estatu kideen partaidetzarekin. Prozedura horri jarraituz, landare transgeniko berri bat sortu ondoren eman behar den lehen urratsa Europako Batzordeari landare transgeniko horren komertzializazioa egokia ikusten ote duen galdetzea da. Zeregin horretan adituen talde batek aholkatzen du batzordea. Eta horiek 2000. urtearen amaiera arte Europako Batzordeak baimendu dituenak: tabako, soja-hazi, koltza, txikoria eta zenbait arto-mota transgenikoren merkaturatzea. Kolore berrietako krabelinak ere baimendu dira, adibidez, urdinak.

Behin Batzordearen baimena lortuta, estatu bakoitzera jo beharra dago produktua ekoitzi edota merkaturatzeko. Estatu bakoitzak Barietate-errolda edo erregistro bat kudeatzen du, eta bertan inskribatu behar da landare transgenikoa. Espainiako estatuan bi landare bakarrik inskribatu dira: Jordi eta Compa arto-motak eta beste hiru daude prozesuan.

Kolore berrietako krabelinak merkaturatzeko baimenak eman dira EBean, adibidez, urdinak.

Estatu bakoitzari dagokion beste ardura garrantzitsua landare horien merkaturatze prozesuari jarraipena egitea da. Estatuak aztertu behar du merkaturatze-prozesuan aldez aurretik ezezaguna zen arriskurik ba ote dagoen. Hala gertatuz gero, komertzializazio baimena bertan behera gera daiteke.

Hiritarron ardura

Zenbait produktu transgenikok gure supermerkatuetara bidea hartu duten arren, gure ustez, Europak transgenikoen aurreko bere jarrera zorroztu egingo du aurrerantzean. Hori jada suma daiteke Europako Batasuneko hainbat erakundek 2000. urtean egin dituzten adierazpenetan. Hiritarron ardura da gure erakundeei adierazpen horiekin koherente izateko eskatzea.

Adierazpen horietako batzuk azpimarratzeko, esan, Europako Parlamentuak eta Ministro Kontseiluak espreski aitortu dutela oraindik zehatz ez dakitela transgenesiak gizaki eta ingurugiroarentzako kalterik ekar dezakeen edo ez . Arduratzekoa da, gure ustez, 1994tik hona horren inguruko berririk jaso ez izana.

Horrez gain, landare transgenikoak gure ingurugiro kaltetuarentzako presio berria izango direla aitortu da. Ingurugiroaren egitarau berriak Europako garapen-eredu sozioekonomikoa salatu du eta, Batzordearen esanean, laster jarduera ekonomiko ezberdinen artean aukeratu egin beharko da, ingurugiroak ezin baititu erabilgarri diren guzti-guztiak jasan. Horrek, gure ustez, zalantzan jarriko ditu bioteknologia berriaren asmakizun asko, eskaintzen dizkiguten erabilgarritasunak ez direlako berebizikoak. Ezin konparatu kolore urdineko krabelin baten gizarte-erabilgarritasuna eta HIESaren aurkako sendagai eraginkor batena.

Landare-sorta transgeniko berriaren merkaturatze-prozesua Europan

1. ikerketa prozesua:

2. merkaturatze-prozesua:

2. merkaturatze-prozesua:

2.1. Europako Batzordean

2.2. Estatu bakoitzean

  • Estatuaren baimena laborategian edo askatasunean ikertzeko
  • Segurtasun-neurri batzuk ezartzen dira
  • Landare-sorta berria sortzen da
  • Batzorde berezi batek aztertzen du eskakizuna
  • Txostenean oinarrituz, Batzordeak erabakitzen du baimena ematen duen edo ez (Europako Batasun osorako)
  • Barietate-erroldan erregistratzen da landare-sorta berria, horren erabilgarritasuna aztertu ondoren
  • Landare-sorta transgeniko horren garapenari jarraipena egiteko plana eratzen da (estatu barrurako)

Landare-sorta berria

Landare-sorta komertzializatzeko baimena ematen da

Barietate-erroldan erregistratu eta merkaturatu egiten da

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia