Landareen erantzun immunitarioan inplikatutako 400 gene baino gehiago identifikatu dituzte
2013/03/25 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Landareek mikroorganismoak detektatzeko hartzaile izan daitezkeen 472 gene identifikatu dituzte. Hartzaile horiei diana immune deritze, eta haiek abiarazten dute landareen babes-erantzuna. Hau da, mikroorganismoak identifikatzen dituzte, eta landareentzat onuragarriak edo kaltegarriak izan, landareak modu batera edo bestera erantzutea eragiten dute. Ondoren, landare eta mikrobioen artean gertatzen den seinale-truke konplexuan bitartekari lana ere egiten dute. PLoS ONE aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.
Orain arte, landareen immunitatearen oinarriak finkatu zirenetik, mikrobioen hartzaile gutxi batzuk baino ez zituzten aurkitu. Izan ere, landareek oso mekanismo sofistikatuak garatu dituzte inguruko mikroorganismoak detektatu eta, horiek antzeman ondoren, babesteko sistema immunologikoa aktibatzeko edo, ostera, onuragarriak izanez gero, errizosferan ezartzen uzteko.
Ikerketa egiteko, Arabidopsis thaliana landare eredua erabili dute. Azterlanaren ekarpen nagusia izan da taldeak estrategia berria diseinatu duela diana immuneak identifikatu ahal izateko. “Identifikazio-lanetarako high-throughput estrategia jarraitu dugu (ingelesez, errendimendu altukoa): erabili ditugu, batetik, DNA mikrotxipen teknologia, Arabidopsisen sekuentziazio-informazioa baliatzen duena, eta, bestetik, birus bakteriofagoak, genoma horretako balizko proteina guztiak espresatzea ahalbidetzen dutelako” azaldu du ikerketan parte hartu duen EHUko Fisiologia Saileko Susana Garcíak. “Hala, 20 milioi proteina aztertzeko aukera izan dugu, eta, horien artean, mikroorganismoekin elkarrekintzan aritzeko gai direnak hautatu ditugu. Horri esker, oso azkar ezagutu ahal izan dugu 472 gene horien funtzio posiblea”.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia