}

Landareen hilabetekaria. Azaroa

1989/10/01 Errekondo Salsamendi, Jakoba Iturria: Elhuyar aldizkaria

BITXIKERIA Barazki bereziak


Erein: hazia; Landatu: landarea, aldaska, erreboila, begia, etab.

Ur-berroa:

Nasturtium officinale . Uzta: hostoa.

Hezetasun iraunkorra da landare honen premiarik nagusiena. Berez urgeldi, zingira eta erreka-ertzetan bizi den landarea da eta horrelakoxeren batean lantzea gomendatzen da. Baratzan landuz gero, etengabeko ureztaketak nahitanahiezkoak izango dira.

  • Landatu: Martxoa eta uztaila artean aldaskak landatu 10 cm-ko tartearekin, ur-korrontean edo baratzan.
  • Lanak: Nola edo hala hezetasuna mantendu.
  • Uzta: Hostoak hazi ahala bildu; muturreko kimuak ere bildu; azpiko begiak erraz garatzen bait zaizkio.

Borraia:

Borrago officinalis . Uzta: hostoa.

Lur guztietara erraz egokitzen den landarea da, nahiz eta buztin pixka bat eta hezetasuna gogoko izan.

  • Erein: Ondo landutako lurrean (behar-beharrezko baldintza) martxoapirilean eta abuztu-irailean erein, 30 cm-ko tartea duten erroiletan.
  • Lanak: Landaretxoak zertxobait hazitakoan garapenik onenekoak aukeratu eta besteak kendu. Hasieran jorraldi ugari eman behar zaio borraiaren lur-sailari, landareak indartu arte. Landare-erroilei itsatsirik simaur-berri pilak jarri, honen beroak landareak babes ditzan. Hori beharrezkoagoa da uda-partean ereindakoen kasuan.
  • Uzta:Hostoak hazi ahala bildu.

Hurrengo ereinaldirako landare zaharren haziak bildu eta toki lehor eta ilunera jaso.

Angurria:

Spinacia oleracea . Uzta: hostoa.

Eguraldi bero eta lehorrekin azkar loratu eta haziak ematen ditu (tontortu esan ohi dena). Aldiz, neguko izotzak erraz jasango ditu. Lur aberatsa behar du, baina inoiz ez ongarri organiko berririk hartuberria den lurretan.

  • Erein: Urte osoan erein daiteke, baina bi garaitan hasterazi ohi da espinakaren zikloa: udaberri hasieran, lurra berotzen hasten denean eta iraila-urrian lurra oraindik bero dagoenean. Lehen kasuan seguruenik udan tontortu egingo du. Bigarrengoan, udazkeneko ereintzan alegia, uda arte luzatuko da uzta.
    Uzta 25-30 cm-ko tartea duten erroiletan. Gramo bat hazirekin (100 ale) 3 cm 2 ereiteko adina dugu.
  • Lanak: 10 cm-ko tartea utziz, gutxi gorabehera, landare onenak aukeratu eta kaxkarrenak kendu. Erein ondoren askotan ureztatu ondo erne dadin eta tontortu ez dadin. Espinaka-saila belarrez garbi edukitzeko behar adina jorratu.
  • Uzta: Erein ondoren 60-75 egunera uzta biltzen hasi daiteke. Bi eratara bildu ohi dira espinakak: landarea osorik hartuz edo bildualdi bakoitzean landare bakoitzari kanpo aldeko hosto handienak kenduz. Metro karratuko kilo t'erdiko uzta izaten da.
  • Barietateak: • Udaberrikoak: "Udako erraldoia", "Viking"
    • Udazkenekoak: "Neguko erraldoia", "Viroflayko monstruosa".

Uztaoa:

Rumex sp . Uzta: hostoa

Belardietako belar txar gisa ezagutzen dugun landare hau Europan eta batipat Frantzian estimazio handiko barazkitzat daukate.

Ez du eguraldi aldetik premia berezirik. Karetsuetan ezik edozein lurretan hazten den landarea da, baina ongarri organiko ugari duen lurrean garatuko da ondoen. Uztaoaren garraztasun berezia gehiegizkoa izatea nahi ez bada, itzalean landatu beharko da.

  • Erein: Martxo-ekaina tartean, zuzenean lurrean 20 cm-ko tartea duten erroiletan edo mintegi-sailean.
  • Landatu: Mintegian ereindakoen kasuan landareak 4-6 hosto dituenean, erroiletara (20x15 cm).
  • Lanak: Erroiletan, zuzenean lurrean ereindakoen kasuan garapen onena duten landareak aukeratu gutxi gorabehera 15 cm-ko tartea utziz.
    Tontortzea eragingo lukeen lehorterik ez balego, hau da, uda-partean ureztatuz gero, uzta-sailak urte batzuetan iraungo du.
  • Uzta: Hostoak hazi ahala bildu.
  • Barietateak: Uztao-espinaka (garraztasun txikiena duena) Lyoneko uztao gorria, Bellevilleko uztao luzea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia