}

Landareen kontuak

2012/05/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

landareen-kontuak
Arg. © Elena Elisseeva/123RF

Sagarrondoa ez da edonolako komunikatzaileaa. Udaberri hasieran ia hostoen aurretik irekitzen diren lore zurien bidez komunikatzen die intsektu polinizatzaileei nektar gozoa aurkituko dutela hor. Eta intsektuek polena loretik lorera garraiatzea lortuko du sagarrondoak. Uda amaieran, heldutako sagarren usain gozoaren bidez, beste mezu garrantzitsu bat zabaltzen du, fruitujaleentzako dei zuzen bat, fruitua jan eta haziak barreiatu ditzaten.

Baina ez dira hor bukatzen sagarrondo baten komunikazio-gaitasunak. Adibidez, sagarrondoa gai da bere etsaien etsaiei deitzeko ere. Akaro batek eraso egiten dionean, konposatu lurrunkor batzuk isurtzen ditu sagarrondoak; mezu kimiko bat bidaltzen du, inguruan dabiltzan "bizkartzainei" deitzeko. Sagarrondoari eraso dioten akaroak jaten dituzten beste akaro batzuk erakartzen ditu mezu horrek.

Landareek gisa horretako komunikazio-gaitasunak zituztela iradokitzen zuten ikerketa bakanek eztabaida handiak pizten zituzten duela urte gutxi arte. Baina, azken urteetan, gero eta adibide gehiago aurkitu dituzte zientzialariek. Wageningen Unibertsitateko (Herbehereak) Marcel Dicke izan zen lehenengoetako bat, eta hark aurkitu zuen sagarrondoaren eta akaroen arteko komunikazioa. Gaur egun, ziur dago landareetan oso arruntak direla halako komunikazio-sistemak: "Ni ziur nago landare guztiek egiten dutela hori. Inoiz ez dugu aurkitu mezu kimikoak bidaltzen ez dituen landarerik".

Pennsylvania State Unibertsitateko Consuelo De Moraes ere aitzindaria da landareen eta intsektuen arteko elkarrekintzak ikertzen. Tabako-landareari, artoari eta abarri erasotzen dioten beldar batzuen kasua ikertu zuen De Moraesek, eta Dickek sagarrondoaren eta akaroen artean ikusitako gauza bera gertatzen zela ikusi zuen. Beldarra landarea jaten hasten denean, haren listuko osagai batzuek eragiten dute landareak konposatu lurrunkor batzuk isurtzea. Konposatu horiek liztor parasitoak erakartzen dituzte, eta haiek beldarraren barruan arrautza bat jartzen dute. Arrautza horretatik jaiotzen den liztor-larba beldarraz elikatuko da.

Wageningen Unibertsitateko ikertzaile-talde batek iaz argitaratutako ikerketa baten arabera, azari erasotzen dioten beldarren liztor bizkarroiek, beldarrak akabatzeaz gainera, beste modu batera ere laguntzen diote azari. Beldarraren barruan jarritako arrautzetatik jaiotako larbek beldarraren listua aldatzen dute, eta horrek, aldi berean, azak beste konposatu batzuk isurtzea eragiten du. Konposatu horiek azan arrautzak jarriko lituzketen sitsak uxatzen dituzte. Arg: © Tibor Bukovinszky, www.bugsinthepicture.com.

De Moraesek dioenez, aditu guztiak ez datoz bat hori benetako komunikazioa ote den: "Eztabaidatua da eraso baten aurrean landare batek isurtzen dituen konposatuak benetan seinale bat ote diren, edo, besterik gabe, prozesu fisiologikoen azpiproduktuak. Nik uste dut seinale-funtzioa dutela, eta komunikazio-modu hau nahiko garrantzitsua dela landareentzat".

Laguntza eske

Landareek badituzte defentsa-mekanismo zuzenak intsektu landarejaleei aurre egiteko; besteak beste, haientzat toxikoak diren konposatuak ekoizten dituzte. Baina "toxinekin defendatzea ez da eraginkorra etsai guztien aurka. Eta, toxinei aurre egiteko gaitasuna duten espezialisten aurka egiteko, garrantzitsua da bizkartzainen laguntza", dio Dickek.

Consuelo de Moraes Pennsylvania State Unibertsitateko Ekologia Kimikoko Zentroko ikertzailea da. Landareen arteko eta landareen eta intsektuen arteko seinale kimikoak ikertzen ditu. Arg. © Jason Jones

"Konposatu lurrunkorren bidezko elkarrekintza gero eta gehiago eta gero eta konplexuagoak ari gara aurkitzen landareen eta intsektuen artean. Uste genuen baino gehiago", aitortzen du De Moraesek. Esaterako, beldarren eta liztor parasitoen kasuan, ikusi dute landareek ez dituztela mezuak edozein unetan bidaltzen. Liztor parasitoak erakartzen dituzten konposatuak egunez bakarrik isurtzen dituzte, liztorrek egunez jarduten baitute. Gauez, berriz, beste konposatu batzuk isurtzen dituzte beldarrek erasotako tabako-landareek. Konposatu horiek gaueko sitsak uxatzen dituzte, eta arrautzak landarean jartzea galarazten dute; hala saihesten dute arrautza horietatik landarea jango luketen beldar gehiago jaiotzea.

Baina ez hori bakarrik, De Moraesen taldeak ikusi du landareek erasotzailea nor den ere detektatzen dutela, eta, horren arabera, mezu bat edo bestea bidaltzen dutela; zehazki, erasotzaile horren etsaiari zuzendutako mezua.

Bestalde, erasotzaileek elkarren berri izateko ere erabiltzen dituzte landareen mezuak. Ikertzaile herbeheratarrek aurkitu zutenez, mostazaren sustraiez elikatzen den intsektu batek eta landare beraren hostoetan arrautzak jartzen dituen beste batek elkarren berri izaten dute, landareak bidaltzen dituen mezuei esker. Alegia, lurpean intsektu batek erasotzen badu, hostoetan arrautzak jartzen dituenak (haren beldarrak hostoez elika daitezen) jakin dezake landare hori hartuta dagoela, eta, hala, baliabide beragatik lehiatzea saihestu dezake.

Gero eta argiago dago, beraz, landareen mezu lurrunkorrez osatutako hizkuntza uste baino konplexuagoa dela, eta orain hamarkada bat sinestezinaren mugan zegoenak gero eta ikertzaile gehiagoren arreta erakartzen du. "Orain ikerketa asko egiten ari dira konposatu lurrunkor horiek sintetizatzeko landareek erabiltzen dituzten mekanismoen inguruan", dio De Moraesek. Badago substantzia gako bat: azido jasmonikoa. Landareen hormona bat da, eta, landareak erasoren bat pairatzen duenean, hormona horrek jartzen ditu martxan landarearen defentsa-mekanismoak. De Moraesen taldeak berriki egindako ikerketa baten arabera, landare-zorriek ongi dakite hori. Izan ere, azido jasmonikoa ezabatzen dute landaretik, eta, horrela, landareak zorrien harrapariak erakarri ahal izatea galarazten dute, eta hankaz gora jartzen dute landarearen defentsa-mekanismoa. Areago, beldarrak zorriek erasotako landare batera iristen badira, haiek ere harrapatzaileetatik libre gelditzen dira.

Marcel Dicke Wageningen Unibertsitateko Entomologia Laborategiko burua. Landare eta intsektuen arteko komunikazioa ikertzen aitzindaria izan zen. Arg. © Wageningen Unibertsitatea

Landaretik landarera

Landareen komunikazioa ez da intsektuekin dituzten elkarrekintzetara mugatzen. "Gero eta froga gehiago dago kaltetutako bizilagunek aireratutako mezuak jasotzen dituztela inguruko landareek, eta, orduan, beren defentsa-mekanismoak martxan jartzen dituztela", gehitzen du De Moraesek. Jack Schultz eta Ian Baldwin estatubatuarrek 1983an Science n argitaratu zuten astigarretan eta lertxunetan ikusitakoa: ale batzuen hostoak kaltetzean, inguruko ale kaltegabeek ere martxan jartzen zituzten beren defentsa kimikoak. Hala, landareen arteko komunikazioaren hipotesia proposatu zuten. Garai hartan, ordea, "zuhaitz hizlarien" kontzeptua ez zen onartua izan.

Urte askoan ez zen gaiari buruz gehiago hitz egin, baina, 90eko hamarkadatik aurrera, froga gehiago aurkitzen joan ziren. 2000. urtean Baldwinek berak frogatuko zuen landare-espezie desberdinen artean ere gertatzen zela fenomeno hori. Ikus izuen kaltetutako Artemisia tridentata zuhaixkak jariatzen zuen konposatu baten eraginez inguruko Nicotiana attenuata tabako-landare basatiek konposatu toxiko gehiago ekoizten zutela, eta hala egiten zuten tabako-landareei % 50 gutxiago erasotzen zietela beldarrek eta matxinsaltoek.

Cuscuta pentagona tomate-landare bati erasotzen. Biktimak "usaindu" egiten ditu Cuscutak. Arg. © J. Runyon, De Moraes and Mescher Labs

Izan ere, landareak mezuak bidaltzeko gai badira, jasotzeko gai izatea ere ez da harritzekoa. "Gero eta ikerketa gehiago ari da erakusten landareek usaimen-gaitasun sofistikatuak dituztela", dio De Moraesek. Gaitasun horrek abantailak ekar ditzake, baina baita arriskuak ere. "Berriki aurkitu dugu beste landareez elikatzen diren landare parasito batzuek usaimena erabiltzen dutela ostalariarenganantz hazteko". Cuscuta pentagona landare parasitoaz ari da. Beste landareen izerditik bizi da Cuscuta , eta 2006an frogatu zuten Cuscuta k, biktimak aurkitzeko, haiek airera isurtzen dituzten konposatu lurrunkorrak "usaintzen" dituela.

Lurpeko mezuak

"Beste ikerketa batzuk lurpeko komunikazioa esploratzen hasiak dira", gehitzen du De Moraesek. Esaterako, Cuscuta rekin gertatzen den antzera, artoak, basartoak eta artatxikiak lurrean isurtzen dituzten konposatuek Striga landare parasitoa erakartzen dute.

1980ko hamarkadan, "zuhaitz hizlarien" kontzeptua ez zen onartu. Baina ikertzaileak landareen arteko komunikazioaren gero eta adibide gehiago aurkitzen ari dira. Arg. Danel Solabarrieta/Elhuyar Fundazioa

Eta lurpeko komunikazio sekretu horren bidez landareek ahaideak ezagutzeko gaitasuna dutela ikusi da hainbat ikerketatan. Ontarioko McMaster Unibertsitateko ikertzaile batzuek 2007an argitaratutako lan batean azaldu zuten ama bereko Cakile edentula aleek, ontzi berean elkarrekin landatuta, gutxiago garatzen dituztela sustraiak ama desberdineko aleen ondoan landatuta baino. Eta 2010eko beste lan batean emaitza bera lortu zuten Arabidopsis thaliana rekin. Kasu horretan, landareak banakako ontzietan hazi zituzten, eta, gero, ontziz aldatu. Aurretik ahaide bat egondako ontzian jarritako landareek gutxiago garatu zituzten sustraiak. Eta, sustrai-jariaketa inhibitzen duen konposatu batekin esperimentua errepikatu ondoren, ez zen horrelako desberdintasunik izan sustraien garapenean. Horrek agerian utzi zuen sustraietatik jariatutako konposatuek garrantzia zutela ahaideak ezagutzeko prozesuan.

Artemisia tridentata zuhaixka harago doa, eta ahaideak ezagutzeko gaitasuna eta defentsa-mekanismoak batzen ditu. Ikertzaileek ikusi dute kaltetutako aleek jariatzen dituzten mezuek eragin handiagoa dutela ahaideetan, ahaide ez direnetan baino. Izan ere, ahaideen mezuak jaso zituztenek eraso gutxiago izan zituzten.

Ezustekoak bata bestearen atzetik datoz, baina, pixkanaka, landareei entzuten ikasten ari dira ikertzaileak. De Moraesen ustez, "landareek beren defentsa-mekanismoak martxan jartzeko erabiltzen dituzten mezuak ulertzea lagungarria izan daiteke nekazaritzan aplikatzeko". Hain zuzen ere horixe da Dickeren taldeak gaur egun duen helburuetako bat: "landareen komunikazioa erabiltzea laboreak babesteko, ingurumenari kalterik egin gabe". Esaterako, "laguntza eske negar ozen eginez kontrol biologikoko agenteekin kolaboratuko duten barietateak hautets ditzakegu", dio Dickek.

Berezko defentsak bultzatuz
Lancaster Unibertsitateko ikertzaileek 2008an egin zuten esperimentu batek erakutsi zuen landareen berezko defentsa-mekanismoak bultzatuz intsektuen erasoekiko erresistenteago egin zitezkeela. Azido jasmonikoa erabili zuten; hain zuzen ere, landareen defentsa-mekanismoak martxan jartzen dituen hormona. Ikusi zuten haziak azido jasmonikotan egon ondoren hazi horietatik jaiotako landareei askoz gutxiago erasotzen zietela intsektuek.
Metodo horri esker, landarearen berezko defentsa areagotzea lortzen da. Emaitzarik onenak tomatearekin lortu zituzten: akaroen erasoak % 80 murriztu ziren, afidoenak % 60, eta beldarrek eragindako kalteak heren bat jaitsi ziren. Artoaren kasuan, beldarren eragina % 38 txikiagoa izan zen; piperrean, afidoen erasoak % 70 murriztu ziren, eta gariari % 65 gutxiago eraso zioten beldarrek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia