Larruazaleko zelulak piztu gaixotasunei aurre egiteko
2006/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Txertoak hobetzeko teknika berri bat garatzen ari dira Dermatologia arloko hainbat ikertzaile. Teknika berri horren bidez, handitu egiten da larruazaleko zelula dendritikoek daukaten gaitasuna immunitate-sistemako T zelulak aktibatzeko.
Teknika berria hainbat gaitzen aurka erabilgarria izatea espero dute, esaterako, melanomen, tumoreen, hiesaren, malariaren eta tuberkulosiaren aurka, nahiz eta oraindik orain saguekin esperimentatzen ari diren. Ikertzaileek egin dutena izan da bektore egoki bat aurkitzea, zelula dendritikoei esaten diena zein zelula edo organismori egin behar dioten eraso. Melanoma tumorearen kasuan, bektore hori lentibirus bat da, eta lentibirusean melanomaren adierazlea den RNA-pakete bat txertatu dute. Birusa oin-mamietan txertatu eta gero, tratatutako saguek 4 hilabetez sortu zituzten melanomaren aurkako T zelulak. Kontroleko saguek, aldiz, hilabetez bakarrik sortu zituzten T zelula horiek.