}

Laser urdinaren aurrerapenak

1997/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Laser urdina gorria baino askoz ere finagoa da eta ondorioz CD-Romean hamar aldiz informazio gehiago irakur dezake. Dena den, laser urdina lortzeko zailtasun handiak daude, baina Japoniako talde batek aurrerapen handiak eginak ditu.

Shuji Nakamurak prestatu duen lehen laser urdin-moreak laser gorriak baino hamar aldiz informazio gehiago irakurtzen du disko konpaktuan.

Nichia Chemical Industries enpresako Shuji Nakamura japoniarrak prestatu duen lehen laser urdin-moreak gaia pil-pilean jarri du. Besteak beste, disko konpaktuan laser gorriak baino hamar aldiz informazio gehiago irakurtzen du, bere uhin-luzera laburragoa delako. Uhin-luzera zenbat eta txikiagoa izan, laser izpia hainbat eta estuagoa da eta, ondorioz, CD edo CD-Romean leku txikiagoan dauden informazioak irakur ditzake. Beraz, leku berean informazio gehiago gorde daiteke.

Hala ere, uhin-luzera txikiko laser horiek egitea zaila da, baina Shuji Nakamurak prestatu du berea; urdin-morea prestatu ere, hau da, urdinak baino uhin-luzera txikiagoa duena. Horretarako ikertzaile japoniarrak alde batera utzi ditu erdieroale klasikoak (baita zinkseleniuruzkoak ere). Galio nitrurozkoa (GaN) aukeratu du, sendoa izanik tenperaturaren eta tentsioaren aldaketa handiak jasaten dituelako.

Gaur egun erabiltzen den galio nitruroak akats ugari ditu: mila milioi zentimetro karratuko. Beste edozein laserretan horrenbeste akatsek izpiak igortzea eragotzi egiten du, baina galio nitruroak ezpurutasun ugari izan arren ez du igortzen duen argi-izpia asko kaltetzen.

Toshiba etxeak dagoeneko jakinarazi du galio nitruroa hobetu duela. Beraz, laser urdina laster plazaratuko da. Laser gorriarekin eta horiarekin konbinatuz, kolore guztiak lortu ahal izango dira. Besteak beste, telebista-pantaila guztiz meheak eta bereizmen handiko fotokopiagailuak egiteko bidea zabalik dago.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia