Laster lurrikara handi bat gerta liteke Fukushima inguruan
2012/02/21 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Japoniako geologoek ohartarazi dute etorkizun hurbilean lurrikara handi bat gertatzeko arrisku handia dagoela Fukushima inguruan. Hori ondorioztatzeko, 6.000 lurrikararen datuak analizatzeaz gain, inguru hartako lurrazalaren azpiko irudi tomografikoak hartu eta aztertu dituzte. Ikerketaren emaitzak EGU Europako Geozientzien Elkartearen aldizkarian argitaratu dituzte.
Fukushimako hondamendia eragin zuen lurrikaratik hilabete bat igarotakoan, beste lurrikara handi bat izan zen Iwaki-n (7ko magnitudea). Martxoaren 11ko lurrikaran ez bezala, horren epizentroa lehorrean zegoen, Fukushimako zentro nuklearretik 60 km-ra eta aurreko lurrikararen epizentrotik 200 km-ra.
Geologoek frogatu dutenez, Pazifikoko plaka azalaren azpian sartzean gorantz mugitutako jarioen ondorioz gertatu zen Iwakiko lurrikara. Nonbait, Pazifikoko plaka Japoniaren ipar-ekialdearen azpialdera mugitzen ari da, eta horrek mineralak berotzea eta haien gaineko presioa handitzea dakar. “Horren ondorioz, mineralek ura galtzen dute, eta sortzen diren fluidoak inguruko arrokak baino jariakorragoak dira. Hala, gorantz joaten dira, eta failak mugiarazten dituzte”, azaldu dute geologoek.
Ondorioak nabarmenak dira: 2011ko martxoaren 11tik urriaren 27ra bitartean 24.000 dardara detektatu dituzte; aurreko 9 urtetan, 1.300. Geologoek garbi utzi dute ezin dutela zehaztasunez aurreikusi noiz gertatuko den hurrengo lurrikara handia, baina arriskua agerikoa dela esan dute. Inguru hartan zentral nuklear batzuk daudela aintzat hartuta, hondamendia galarazteko neurriak hartzeko gomendatu dute.
Gai honi buruz aritu ginen Euskadi Irratiko Faktoria saioan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia