Lau hankako animaliak, uste baino lehenagokoak (antza)
2010/01/07 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Duela 395 milioi urteko oinatz batzuk aurkitu dituzte Polonian, utzitako kareharri-meategi batean, Poloniako Warsaw Unibertsitateko eta Suediako Uppsala Unibertsitateko ikertzaile batzuek. Oinatz horietako batzuetan ageri diren hatzen formek eta hainbat oinatz-multzok iradokitzen dituzten ibilbideek pentsarazi diete zientzialariei lau hankako animaliaren batek utzi zituela. Orain arte, baina, adituek jotzen zuten tetrapodoak 18 milioi urte beranduago agertu zirela.
Egindako aurkikuntza Nature aldizkarian argitaratu dute, eta, ikertzaileen esanean, goitik behera aldatuko ditu tetrapodoen jatorriari buruz egiatzat jotzen ziren hainbat uste. Esate baterako, orain arte uste zen lehenengo tetrapodoak ur gezako inguruneetatik lehorrera mugitzen zirela. Aurkitu berri dituzten oinatzak, berriz, ur gaziko aintzira bat izandako eremu batean daude, inguruko gainazalari eta ornogabeei erreparatuz gero ondorioztatu daitekeenez.
Ikerketa horretan parte hartu ez duten hainbat aditu, dena den, oso zuhur agertu dira albistearekin. Naturek berak aditzera eman ditu hainbat paleontologoren iritziak. Batzuek esan dute ez dutela zertan izan animalia baten oinatzak, baizik eta prozesu natural batzuen eraginez sortutako arrastoak. Beste batzuek diote fosilak aurkitu arte ezingo dituztela egiazkotzat jo ustezko animalia horiek. Ikerketa egin duten zientzialariek, baina, tinko eutsi diete ateratako ondorioei, eta esaten dute ez dagoela modurik prozesu naturalen bidez oinatz-itxura hain garbiko arrastorik sortzeko.
Irudia: Goiko irudian aurkitutako oinatz baten xehetasunak ikus daitezke, eta, ondoan, hortik abiatuta egindako irudia. Behekoan oinatz-sorta bat ageri da, eta, ondoan, ustezko animalia nola ibiliko litzatekeen oinatz horiek uzteko. Per Ahlberg et al., Nature
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia