}

Lau hegoko dinosauroak, hegaztien arbasoak?

2003/01/23 Elhuyar Zientzia

Hegaztien, lumen eta hegan egiteko gaitasunaren jatorriari buruzko eztabaida berpiztu dute Txinan aurkitutako fosil batzuek. Fosil horiek Txinaren ipar-ekialdeko Liaoning eskualdean aurkitu dituzte, eta hegaztien antzeko egiturak dituzte aurreko eta atzeko gorputz-adarretan. Zientzialariek orain arte ezagutzen ez zen espezie batekoak direla uste dute eta Microraptor gui deitu diete.

Ikertzaileen arabera, animalia horiek duela 124-145 milioi urtekoak dira. Nonbait, zuhaitzetan bizi ziren, eta bi hego-pare horietaz baliatzen ziren adar batetik bestera planeatzeko.

Aurkikuntza horrek hegaztien arbasoak desagertutako narrasti-talde batekoak zirela dioen teoriaren alde egiten duela uste dute. Baina oraindik ez dago batere argi arbaso horiek zuhaitzetan ala lurzoruan bizi ziren, eta hegan egiteko gaitasunak planeatzeko ala eskalatzeko gaitasunetik eboluzionatu zuen. Izan ere, duela gutxi, hegan egiteko gaitasuna maldan gora egiteko ahaleginen ondorioa zela iradoki zuten beste ikertzaile batzuek. Horretarako, beste fosil baten azterketan oinarritu ziren.

Beraz, badirudi hegaztien eta hegan egiteko gaitasunaren jatorriak misterioa izaten jarraituko duela oraindik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia