Lauki-itxurako bakterioa
2004/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Aurkitu zutenetik 24 urte pasatu eta gero, ikertzaileek lortu dute bakterio karratuak laborategian haztea. Hain itxura berezia duen bakterio hori 1980an ikusi zuen lehen aldiz mikrobiologo batek, Anthony Walsby-k. Itsaso Gorriaren inguruko putzu hipersalino batean aurkitu zuen, erabat karratua eta zapala zen, eta alde bakoitzak 0,15 mikrometro neurtzen zuen.
Geroztik, mikrobiologo asko saiatu dira bakterio karratuak laborategian hazten, gero ikertu ahal izateko. Baina orain arte ez dute hori egiterik lortu. Azkenean, elkarrekin zerikusirik ez duten bi talderen ahaleginak emaitza onak eman ditu.
Horretarako, ingurune egokia zein den asmatu behar izan dute; besteak beste, gutxienez % 18ko gatz kontzentrazioa izan behar du urak. Halaber, beharrezkoa izan da pazientzia handia izatea ere, bakterio honek denbora asko behar baitu ugaltzeko: Escherichia coli bakterioak 20 minutu behar ditu bikoizteko, eta honek, berriz, egun bat edo bi.
Orain, taxonomoak izena asmatu nahian dabiltza. Batzuek Haloquadratum walsbyi proposatu dute, lehenengo aldiz ikusi zuenaren ohoretan. Bestalde, magnesio kloruro asko duen inguruetan ere hazteko gai dela ikusi dute; beraz, ikertzaile batzuek uste dute eredu egokia dela eguzki-sistemaren hainbat tokitan egon daitekeen bizia aztertzeko, hala nola, Jupiterko Europa eta Ganimedes ilargietan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia