LED teknologian oinarritutako bi argiztapen-proposamen
2007/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolako lau ikasleren bi lan hautatu ditu Philips multinazionalak etorkizunean beharbada merkaturatzeko: Mikel Igaralderen eta José Sobradoren Mesas circulares moviles (Mahai biribil mugikorrak) proposamena, eta Iñaki Estebanen eta Joseba Garrazaren Modular Lighting (Argiztapen modularra) proposamena. Bi lan horiek argiztapen malguaren kontzeptuan oinarritzen dira: pertsonaren motibazioaren araberako atmosfera sortzen dute.
Mesas circulares moviles proposamenean, tabernetarako nahiz jatetxeetarako altzariak aurkeztu dituzte. Izenak argi erakusten duenez, mahai mugikorrak garatu dituzte, LED teknologian oinarritzen diren zenbait luminariaz lagunduta. Ikasleak luminaria eta mahaia konektatzen dituen elementu bat garatzen ari dira gaur egun. Elementu horri esker, mahaiaren altuera unean uneko egoeretara egokitu ahal izango da. Hala, mahai horretan eserita nahiz zutik egin ahal izango dira otorduak. Gainera, mahaia gorantz altxatu ahal izango da, gune libreak uzteko. Aukera hori oso baliagarria izan daiteke, esaterako, gauetan, tabernetarako.
Modular Ligthing izeneko lanak, berriz, argidun adreilu bat proposatzen du (beirazko pieza bat da). Adreilu horrekin hamaika konbinazio egin daitezke: eserlekuak, apalategiak... Izan ere, abantaila nagusi bat du: ez du mugarik diseinuaren aldetik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia