Leeuwenhoek-en animalkuluak
2011/01/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Mikroskopioa eskuan hartu eta begira hurbildu zuen, ahalik eta gehien. Behar zuen argia lortzeko angelu egokienaren bila hasi zen. Mikroskopioa geldi-geldirik mantendu beharra zegoen... Ur-lagin hartan zegoena sinesgaitza zen: mugitzen ari ziren "animalia" ñimiñoz beterik zegoen! Antoni van Leeuwenhoek-ek arazo bat zuen: inork ikusi gabeko izakiak ikusten ari zen...
Londresko Royal Society-ko kideak aztoraturik zeuden van Leeuwenhoeken gutunekin. 1673an iritsi zen lehena, behe-nederlanderaz idatzita (Leeuwenhoekek zekien hizkuntza bakarra). Leeuwenhoek ez zen zientzialaria, Delft hiriko (Holanda) oihal-merkatari bat baizik, oinarrizko heziketa baino ez zuena. Baina punta-puntako zientzialariak zur eta lur zituen. Izan ere, existitzen zirenik ere ez zekiten gauzak ikusten ari zen, bere eskuekin egindako mikroskopioekin, gutun haietan zioena egia bazen behintzat.
Lehen gutuna bai, sinesteko modukoa zen. Royal Societyko kide entzutetsuenetako batek, Robert Hooke-k, 1665ean Micrographia liburuan argitaratutako behaketetako batzuk nola errepikatu zituen kontatzen zuen Leeuwenhoekek: lizun bat eta erle baten eztena eta begia. Oso behaketa onak ziren; Hookerenak baino xehetasun handiagokoak. Royal Societykoek Philosophical Transactions aldizkarian argitaratu zuten Leeuwenhoeken gutuna, eta bide hartatik lanean jarraitzera animatu zuten holandarra.
Berrogei urte inguru izango zituen, mikroskopioak egiten hasi zenerako. Ziurrenik, 1668an eskuratu zuen Hookeren Micrographia rekin txundituta gelditu ondoren sortu zitzaion afizio hura.
Oso oinarrizko mikroskopioak ziren Leeuwenhoekenak. Beirazko lente txiki-txikiak egiten zituen lehenik, zenbat eta txikiagoak hobe, eta letoizko, kobrezko edo zilarrezko xafla batean egindako zulotxo batean txertatzen zituen. Laginak lentearen aurrean zegoen punta zorrotz batean jartzen ziren, eta torloju batzuen bidez igo eta jaitsi, gerturatu eta urrutiratu edo biratu egin zitezkeen. Mikroskopioek 2 eta 8 cm artean izaten zituzten guztira.
Mikroskopio haiek ez zituen Leeuwenhoekek asmatu. Hookek berak deskribatu zituen bere liburuan. Baina erabiltzeko zailak izateagatik baztertu zituen Hookek, eta haien ordez bi lenteko "mikroskopio konposatuak" erabili zituen.
Egia esan, Leeuwenhoeken mikroskopioak ez ziren edonork erabiltzeko modukoak; txikiegiak ziren, eta fintasun izugarriz maneiatu behar ziren. Abilezia handia eta pazientzia izugarria behar zen tresna haiekin ezer ikusteko.
Baina Hookek 30eko handiagotzeak lortu bazituen, Leeuwenhoekek 200etik gorakoak lortu zituen. Sekreturik handiena lenteetan zegoen. Eta, hain justu, sekretupean gorde zuen haien fabrikazioa. Oraindik ez dakigu nola egiten zituen*.
500 bat mikroskopio egin zituela jotzen da. Eta haiekin egindako aurkikuntzak ere ez ziren gutxi izan. Royal Societyra bidalitako bigarren gutunean, 1674ko ekainaren 1ean, gizakien, txerrien, hegaztien eta arrainen odol-zelulak (eritrozitoak) deskribatu zituen. Eta haien tamaina ere kalkulatu zuen. Hondar-ale baten diametroan gutxienez 100 odol-zelula sartzen zirela kalkulatu zuen, eta hondar-ale batek 0,85 mm zituela; hala, odol-zelulak 8,5 µm baino txikiagoak zirela ondorioztatu zuen (orain badakigu giza eritrozitoek 7,7 µm inguruko diametroa dutela).
Urte hartan bertan, giza begiaren eta gatz-kristalen egituren xehetasunak azaltzen zituen gutun baten amaieran, bat-batean gaiz aldatu eta bere etxe ondoko laku batean aurkitutakoa kontatzen zuen: "...animalia txiki eta ugari haien artean, batzuk borobilak ziren, handixeago batzuk obalatuak. Geroago, azken mota hartakoen buruen inguruan bi hanka ikusi nituen, eta bi hegats txiki, haien gorputzaren beste muturrean".
Animalkulu deitu zien izaki txiki haiei. Eta gero eta gehiago aurkitzen joan zen, putzuetako uretan, piperbeltz-infusiotan, ardotan... ia edonon agertzen ziren. Hala aurkitu zituen alga mikroskopikoak, protozooak, errotiferoak, ziliatuak eta abar. Aurreko behaketa guztietan bezala, xehetasun izugarriz deskribatzen zituen.
Royal Societykoek, berriz, ez zekiten aurkikuntza haiek nola hartu. Izan ere, Leeuwenhoekek bakarrik ikus zitzakeen izaki haiek guztiak. Ur-tanta bakarrean milioi bat baino gehiago zeudela zioen, gainera. Hura guztia zientifikoki onargarria izateko derrigorrezkoa zen behaketa haiek errepikagarriak izatea. Baina ingelesek beren teknologia onenarekin ere ez zuten lortzen Leeuwenhoekek ikusitakoak ikustea.
Zorionez, Hooke zeukaten; inork lor bazezakeen, hark lortuko zuen. Eta, azkenean, hainbat saio egin ondoren 1677ko azaroan lortu zuen: piperbeltz-infusio bat hainbat egunez utzi ondoren, "animalia-kopuru izugarria, alde batetik bestera igerian" ikusi zuen.
1680an Royal Societyko kide egin zuten merkatari holandarra. Baina polemikak ez ziren bukatu. Espermatozoideak aurkitu zituenean, esaterako, ugaritu egin ziren kritikak. Honela idatzi zuen Leeuwenhoekek: "Badakit askok ez dituztela onartzen nire idatziak, halako aurkikuntzei ezinezko irizten dietelako. Hainbat ezjakin ari da esaten sorginkeriatan nabilela, jendeari existitzen ez dena erakusten; baina barkatu egin behar zaie, ez baitira gehiagora iristen. Aski ongi dakit unibertsitate osoan daudela gizonen hazian izaki bizidunak daudela sinesten ez dutenak. Baina halakoek ez naute kezkatzen; badakit zuzen nabilela."
1683an beste aurkikuntza interesgarri bat egin zuen, bere hortzetatik ateratako lagin bat aztertzean. Animalkulu mordoa aurkitu zuen: "handienek oso mugimendu azkarrak eta indartsuak zituzten, ziztu bizian mugitzen ziren, arrainak uretan bezala". Gero bizitza osoan hortzak garbitu ez zituzten bi gizon zaharretatik hartu zituen laginak: "sinestezina zen zenbat animalkulu zeuden; inoiz ikusi nuen baino biziago egiten zuten igeri. Handienak gorputza kurbatuz gorantz igotzen ziren. Gainerakoak hain kopuru handitan zeuden, non ur guztia bizirik zegoela baitzirudien". Bakterioak ikusten ari zen.
Leeuwenhoekek aurkikuntzak egiten jarraitu zuen bere bizitzako azken eguneraino ia (90 urterekin hil zen). Bere mikroskopioetatik begira, unibertso berri bat aurkitu zuen. Unibertso zoragarri bat: "animalkulu haiek halako mugimenduak zituzten; azkarrak, ezberdinak, gorantz, beherantz, biraka... zoragarria zen haiek ikustea".
*Eguneraketa (2018-03-28):
Leeuwenhoeken jaioterrian, Delfteko Teknologia Unibertsitatean (Herbehereak), ikertzaile batzuek argitu berri dute nola egiten zituen lenteak.
Ez zegoen argi lenteak beira leunduta edo putz eginez egiten ote zituen. Leeuwenhoekek berak inoiz iradoki zuen beira putz eginez lantzeko teknika berri bat asmatu zuela. Baina, badirudi sekretua hobeto gorde nahian zebilela.
Delfteko ikertzaileek neutroi-tomografia erabiliz aztertu dute Leeuwenhoeken mikroskopio bat. Puntako teknologia horri esker, mikroskopioa desegin gabe eta kalterik eragin gabe aztertu ahal izan dute haren lentea nola egina dagoen. Eta garbi ikusi dute beira-leuntzaile aparta zela Leeuwenhoek. Orain jakin nahi dute beira-mota bereziren bat erabiltzen ote zuen. Laster jakingo dute, gamma-espektroskopia erabilita.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia