}

Lehen animalia hegalariak: Txitxiburduntzi eta sorginorratzak (I)

1993/09/01 Altonaga, Kepa - EHUko biologia irakaslea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Txitxiburduntzi eta sorginorratzak garrantzi handiko elementuak dira ur gezetako ekosistemetan. Izan ere, bizitza osoan zehar harrapakariak direnez, zeregin erregulatzaile galanta dute biotopo horietako ornogabeen populazioa gobernatzen, eta aldi berean harrapakin izanik, katea trofikoen goi-mailetako animalien elikagai ere badira. Hortaz, txitxiburduntzi eta sorginorratzak ekosistemaren osasunaren indikatzaile onak dira, beroriek egotea ur gezetako faunaren aberastasun-indizea delarik.
Ur-bazterretan denok ikusi dugu noizbait sorginorratzen bat. Argazkia Ischnura jeneroko ar batik dagokio, Nafarroako Bardean egin zelarik. Jenero honek hiru espezie ditu Euskal Herrian, Lelegans , I. pumilio eta I. graeslls i. hirurak ur-putzutan bizi direlarik.
A. Elosegi

Txitxiburduntzi eta sorginorratzak Odonata ordenean sailkatu ohi dira. Berez, odonatuak guztiz intsektu deigarriak dira hainbat ikuspegitatik, zeren eta, duten bizimodu apartaz gainera, alde zoologikotik zeharo isolatuta baitaude gaur egungo faunaren baitan, makina bat ezaugarri primitibo aurkezten dutelarik. Areago, “bizirauleak” direla esan daiteke: orain dela hirurehun milioi urte agertu zirelarik, hau da, egun ikatz modura erretzen ditugun landareek bertan pausatzeko lekua eskaintzen zieteneko garaian sortuak izanik, odonatuek ondoz ondoko aroetan zehar iraun dute, eta tarte luze horretan erlatiboki oso aldaketa txikiak jasan ditu beren oinarrizko egiturak. Odonatuen taldeak 5.000 espezie ditu gaur egun. Aldi berean ugaztunak, esate baterako, 4.000 espezie inguru direla gogoratuko bagenu, inolako zalantzarik gabe onar daiteke odonatuek denboraren test ankerra gainditu dutela.

Nolanahi ere, gainerako intsektuak ez bezala odonatuen taldea harrapakaria da osotoro, bai larba-sasoian eta bai heldu gisa, mota askotako ornogabez eta are ornodun txikiez (arrainkume eta apaburuez) ere elikatzen direlarik. Gainera, betetzen duten zeregin ekologikora hain kunplituki moldatu izan dira, ezen ez baitute bestelako animali talderen konkurrentzia aurkitu, beren bizibidetik iraizteko mehatxatuz. Zer esanik ez, korritu duten historia luze horrek unean-unean espezializaziora halabehartu du odonatuen taldea, eta ondorioz, gaur egungo burduntzi eta sorginorratzak ezaugarri espezializatu eta arkaikoen amalgamatzat uler daitezke. Hau da, odonatuen arrakastaren gako nagusiak bi izan direla esango dugu: batetik, duten oinarrizko gorputz-diseinuak egokiro ihardun du ingurunearen aldaketetan zehar, eta bestetik, beren bizimodua bestelakoa da oso.

Calopterys virgo aorginorratza oso arrunta da Euskal Herri atlantiarreko erreka garbietan, eta ez da ur-bazterretatik urruntzen. Argazkian ale arra dugu, kolore urdin metalizatuak dioskunez. Emea berdeska da. Bizkaiko Iurretan ikusi genuen.

Odonatuen larbak ur gezetan bizi dira. Hala ere, izaera dultzikola hori sekundariotzat jotzen da: arbasoen larbak lurtarrak zirela uste da, edo ia lurtarrak gutxienez, Goi Karboniferoko goroldio hezeetako biztanle zirelarik. Edozelan ere, gaur egungo odonatu-espezie gutxi batzuk, batez ere hegoaldeko hemisferioko irla ozeanikoetan, larba lurtardunak dira, baina ezin ditugu primitibotzat kontsideratu, zeren larba dultzikolak zituzten espezieetatik eboluzionatu baitute, hots, ez baitute lehorrekoak primarioki.

Ostera, txitxiburduntzi eta sorginorratz helduak ingurune bakarrean bizi izan dira eboluzio osoan zehar: aireko izaki ditugu betidanik; ehiztari gisa dihardutenak. Horrelako bizimodua ganoraz egiteko baldintza nagusia hegaldirako trebetasuna da, ikusmen zoliaz batera.

Bai helduak eta bai larbak haragijaleak dira. Argazkikoa ehizaki harrapatu berria jaten ari da. Ikusi denez, sorginorratz batek 150 hegaldi egin ditzake egunean janari bila, zeintzuetatik % 43 arrakastatsuak izan baitaitezke, 6 mg janari lortuz, hau da, sorginorratzaren pisuaren % 11 lortuz.

Animalia hauen hegoak zainez beteak dira guztiz, halako sare-moduko bat eratuz. Pare biak minzkarak eta berdin-antzekoak dira, kakarraldo eta beste zenbait intsekturen egitura gogorrik gabekoak, eta tximeleten ezkatak edo ile txikiak ere falta dituztelarik. Gainera, atsedena hartzeko animalia pausatzen denean, hegoak ezin dira tolestu gorputzeko bizkarraldean. Intsektu hegadun guztien artetik, odonatuek eta efemeropteroek dute horrelako hego-eredu primitiboa, eta hori dela eta entomologoek intsektu pterigoto (= “hegadun”) paleopteroak (= “hegadun zaharkituak”) direla esaten dute terminologia teknikoa erabiliz. Horrelako hegoekin txitxiburduntzi eta sorginorratzek ezin dute zirrikituetatik-eta ibili, eta beraz, itxita dute mundu horretaranzko sarbidea. Mundu horretan intsektu neopteroek lortu dute arrakasta, hau da, hegoak tolestuta bertan ibil daitezkeenek. Dirudienez, intsektu hegadunak (= pterigotoak) intsektu hegabakoetatik (= apterigotoak) eratorriak lirateke, eta arbaso paleoptero batetik abiatuta gara ziratekeen intsektu neopteroak hurrengo urrats ebolutibo batean.

Esan bezala, odonatuen lau hegoak ia-ia elkarrekiko berdinak dira, batez ere sorginorratzen kasuan, zeintzuetan aurreko eta atzeko hego-pareak bereiziezinak baitira, bai forma eta bai zainen parakerari dagokiela. Berau ere ezaugarri primitibotzat jo da, intsektu gehien-gehienek hego-desberdintasuna dute eta. Modu berean, hegoak mugiarazten dituzten muskuluak zuzenean txertatuta daude odonatuen hegoen oinarrietan, halako moldez non hego-pare biak independenteki ari baitaitezke.

Arabako Sobronen ikusitako Libellula depressa txitxiburduntzi ar honek nahikoa egokiro isladatzen du odonatu anisopteroen morfologia bereizgarria: gorputz handiko animalia eta hegoak horizontalean. Emearen abdomena, urdin argia barik, marroi-kolorekoa izaten da.
I. Elorriaga

Azaldutako hau ez da intsektu modernoen kasua, berauetan muskulu eta hegoen artean ez baitago zuzeneko loturarik, eta hego-astinketa sinkronizatuen oso tasa altuak lor daitezke torax elastikoaren uzkurketaz. Baina, astinketa-tasa eta hegaldi-abiadura sinpleki erlazionaturik ez daudenez, odonatuek horrelako tasa garaiak lortu ezin badituzte ere, txitxiburduntzi handiek 20-40 hegada segundoko burutzen dituzte, hau da, 25-30 km/h-ko hegaldi-abiaduraraino irits daitezke. Izan ere, txitxiburduntziak, oinarrizko hego-egitura eta hegaldi-muskulaturaren parakera gorabehera, intsektu hegadun azkarrenekin lehiatzen dira abiadurari dagokionez, eta are gailendu ere maniobra-kontuetan. Beharbada, dipteroak lirateke salbuespena.

Bestalde, oso munta handikoa da odonatuen ikusmena. Dituzten begi konposatu handiek ikuspegi panoramikoa eskaintzen diete, bertan metro batzuetako distantziatik edozein mugimendu soma dezaketelarik. Begi konposatua ommatidioez eratuta dago. Berez, ommatidio bakoitza lente-sistema batez eta zortzi fotorrezeptorez osatua da. Nolanahi ere, txitxiburduntzi handi batek 30.000 ommatidio ditu begi bakoitzean. Aldi berean, garunaren % 80 informazio bisuala aztertzeko da. Ereduak-eta erabiliz burutu diren esperimentuetatik ondorioztatu denez, odonatuek forma eta koloreak bereizteko zorroztasun handia garatu dutela uste da. Halaber, sentikortasun nabaria dute argi polarizatuarekiko, berau, erle eta inurrien antzera, orientaziorako erabil dezaketelarik.

Calopteryx jeneroko sorginorratzaren larba urtarra. Nabariak dira antenak eta bai abdomeneko muturrean kokaturiko brankiak ere. Arnasketa brankiotan zehar egiten da nagusiki, baina baita gorputzeko beste zenbait gunetan ere.
A. Elosegi

Beraz, odonatuek ikusmen-mundua bizi dute. Gainerako sentimen-organoen garapena oso eskasa izan da eta antenak berak, usaimen-organo nagusiak, ia nabariezinak dira.

Nahiz eta txitxiburduntzi-espezie baten hegartea zentimetro bikoa baino laburragoa izan, odonatu moderno gehienak tamainaz ertainak edo handiak dira. Dena dela, hauetariko handienaren hegoak ere, asko jota, ez dira Goi Karboniferoan edo Permikoan zehar bizi ziren odonatu batzuen hegoen laurdenera iristen. Meganeura monyi deritzona da ezagun den orduko fosilik handiena. Frantziako hego-ekialdeko Basses Alpes departamentuko Commentry aztarnategian aurkitu da orain dela 300 milioi urteko bizidun hori. Bere hegartea 670 mm-koa zela estimatu da, hau da, belatz batena gutxi gorabehera.

Errioxako Torrecilla en Camerosko Platycnemis jeneroko sorginorratz eme honek, hegoak ia ikustezin dituelarik, begi-bistan uzten du herriak zergatik esaten zien "orratza".
I. Elorriaga

Baina, ez da Meganeura monyi orduko odonatu erraldoi bakarra. Badaude, bai, antzerako tamaina zuten beste hainbat odonatu fosil. Guzti hauek dira hegan egiteko ahalmena erdietsi zuten lehen animaliak, narrasti pterodaktiloek baino 100 milioi urte lehenago edo hegaztiek baino 150 milioi urte lehenago airea konkistatu zutelarik.

Beharbada, benetako hegaldi aktiboa burutu beharrean, denbora gehienean planeatu egingo zuten. Edozelan izanik ere, fosil horien gorputz-proportzioak eta hego-forma gaur egungo odonatu handi batenak dira oro har, eta dituzten baraila ahaltsuek ere bizimodu harrapatzailea iradokitzen dute. Alabaina, badago desberdintasunen bat edo beste Karboniferoko fosil horien eta egungo txitxiburduntzi eta sorginorratzen artean, eta horrela izanik, batzuek Protodonata ordenean eta besteak, gaur egungoak, Odonata ordenean sailkatu dira. Ziurrenez, odonatuak protodonatuetatik sortu ziren Behe Permikoan, artean azkenok ugari zirela.

Bizkaiko Iurretan ikusitako Lestes viridis sorginorratz eme honek abagadune egokia damaigu odonatuen kanpo-morfologiaz jabe gaitezen. Edozein intsektuk bezala, burua, toraxa eta abdomena ditu. Aipagarriak dira buruko begi handiak eta antena laburrak, toraxeko hankak eta hego minzkara delikatuak, eta abdomen luze orratz-itxurakoa.
I. Elorriaga

Fosil erraldoi hauen tamainak konprenitzeko, harrapakari/harrapakin erlazioa ulertu behar dugu. Protodonatuek, orduko zingiretako likopodio zuhaizkaren enborretan bizi ziren intsektu handiak harrapatzen zituzten. Lehiakidetasun hori tamaina-emendio modura bideratu zen: handienek baino ez zuten irabazten. Horrela, harrapakinak hazi egin zirenean, magnitude bereko hazkunde erantzun zuten harrapakariek, goian aipatu ditugun neurrietaraino heldu zirelarik.

Gaur egungo odonatuak hiru subordenetan sailkatu dira: Zygoptera (= sorginorratzak), Anisoptera (= txitxiburduntziak) eta Anisozygoptera subordenetan. Azken talde honetako espezie bizi biak Japonia eta Himalaiako gune erliktiko murritzetara mugatuta daude; lehenengo eta bigarren taldekoak dira gure ur-bazterretan ikusi ohi ditugunak. Berezitasun zoologiko sakonagoak aparte utzirik, talde bi hauek identifikatzeko ondoko ezaugarria hartzen da kontutan: landareetan kokatzen direnean, anisopteroek gorputz alboetarantz jartzen dituzte hegoak parakera horizontalean, eta zigopteroek, ostera, atzerantz oblikuoki bertikalean. Horrez gain, anisopteroak gorputz handiko eta hegaldi azkarrekoak dira, zigopteroak argalago eta delikatuagoak izanik.

Lestes jeneroko sorginorratz honek argiro erakusten ditu aireko bizimodurako moldapena: hego-pare biak eta ikusmen zoila. Izan ere, begi konposatu urdin oso nabarmenak ditu El Pulgarreko aintziran (Nafarroako hegoadean) detektatutako ale ar honek). (Argazkia: J.R. Aihartza).

Odonatuak zeharo kaltebakoak dira jendearentzat. Puntu hau azpimarratu egin gura dut, animalia hauen inguruan zenbait sineskeria baitago, sorginorratz izenak berak dioskunez. Xarles Bidegain lagunak beste datu bat eman zidan lehengo batean, animaliatxo hauen Iparraldeko izenez galdetu nionean. Xarlesek “begiorratz” esaten zaie arrapostu egin zidan. Neurekiko, eta etimologia erraz -eta faltsu- bat eginez, odonatuen begi handien erreferentzia ikusi nahi izan nuen izen horren azpian. Hala ere, Xarlesek azaldu bezala, jendeak begietara erasoan doazela uste duelako deitzen zaie begiorratz. Benetan ez dago horrelakorik. Baina, uste hori, egiaztatu egin dudanez, Hegoaldean ere zabalduta dago.

Areago, Gerhard Bähr euskaltzalearen iritziz (RIEV, 1936), txitxiburduntziari beldur handia dio herriak, hegaz ziztu bizian doan herensuge txiki baten itxura duelako. Beldur hori Europako hainbat eskualdetan hedatuta omen dago. Hortaz, berriro gogoratu beharrean gaude: animaliok ez dakarte inolako gaitzik jendearentzat, onura baizik; eltxoez-eta elikatzen baitira.

Lestes viridis sorginorratz arra. Espezie hau oso arrunta da Euskal Herri osoan, ekaineko azken egunetatik azaroko lehenengoetara arte hegan ikus daitekeelarik. Irudiak agerian uzten du ikusmenak odonatuen bizimoduan duen garrantzia.
A. Elosegi

Esan dezagun azkenik, animalia eder hauek balio ekonomiko edo medikorik ez badute ere, gure planetan ordezkaezinekoak direla. Tamalez, historia arrakastatsu luzea eduki eta gero, seinale asko daude odonatuen taldea arriskupean dagoela adierazten dutenak, munduko parterik garatuenetan batez ere. Esate baterako, hiru odonatu-espezie suntsitu dira Britainia Haundian mende honetan, bi 1950etik hona, eta zenbait espeziek okupaturiko areak ikaragarriro murriztu dira, dela industriatiko poluzioagatik, dela pestizida gehiegi erabiltzeagatik, dela drenajeen kariaz, etab.

Urogomphus giganteus deritzon Goi Jurasikoko fosila, gutxi gora-behera orain dela 150 milioi urtekoa. Fosil hau Alemaniako hegoaldean aurkitu da, Bavarian, eta gaur egungo odonatu baten morfologia erakusten du bete-betean.
M. Alcosser

Zorigaiztoko historia hori Holandan ere errepikatu da (bederatzi espezie ez dira detektatu 1950etik hona), Suitzan (73 odonatu-espezietatik 45 mehatxatutzat edo guztiz desagertutzat jo dira oraintsu), edo mendebaldeko Alemanian (72 espezie denetara eta 22 besterik ez osasuntsu). Eta, zer esanik ez, geurean kontua ez bide da hobeto ibiliko, datu zehatzik ez badago ere.

Agian, itsu-mutsuan triskatzen ari garena ezagutuz eta apreziatuz, gelditu egingo da hondatu eta galtzen dugun horren deuseztapena.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia