Lehenengo baratzean pikuak zeuden
2006/06/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Jordan Haranean piku-fosil batzuk aurkitu dituzte Israelgo arkeologoek. Oso egoera onean daude, eta arkeologoek ondorioztatu dute gizakiak landatutako pikondoek eman zituztela.
Horretaz gain, fosilak datatu dituzte, eta duela 11.400-11.200 urtekoak direla kalkulatu dute. Zientzialariek ez zuten halakorik espero, pikondoak duela 6.500 urte inguru etxekotu zirela uste baitzuten. Orain, piku horiek nekazaritzaren lehen aztarnak direlakoan daude; orain arte zerealek zuten ohore hori, baina topatu dituzten etxekotutako zereal-aztarna zaharrenak baino mila urte inguru lehenagokoak dira pikuak.
Ikerketa Science zientzia-aldizkarian argitaratu dute, eta Y. Langsam-ek atera du goiko argazkia, mikroskopio elektronikoaren bidez.