Lehenengo primateak egunekoak ziren
2006/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Urtetan paleontologoek uste izan dute lehenengo primateak gautarrak zirela. Azterketa genetikoak eginda, berriz, ondorioztatu dute lehenengo primateak egunekoak zirela, eta gerora bilakatu zirela talde batzuk gautarrak.
Gaur egungo primateen artean, hainbat espezie gautarrak dira, eta beste hainbat, egunekoak. Nolanahi ere, primitiboenak gautarrak dira, galagoak kasurako. Horiek geruza berezi bat dute erretinaren atzean argia kontzentratzeko. Horri esker, gauez jana bildu ahal dute. Eguneko espezie batzuek ere badutenez geruza hori, zientzialariek uste zuten lehenengo primateak gautarrak zirela, eta gero batzuek eboluzionatu egin zutela eta eguneko bihurtu zirela.
Alabaina, Chicagoko Unibertsitateko ikertzaileek maila molekularrean zer gertatzen den aztertu dute, eta beste ondorio batera iritsi dira. Primateen zuhaitz genealogikoan sakabanatutako 25 espezietan, argiarekiko sentikortasuna duten proteinen geneak aztertu dituzte.
Hasteko, berdearen eta gorriaren uhin-luzerarekiko sentikorrak diren pigmentuen geneak begiratu dituzte. Gauez ez dira bereizten bi kolore horiek; hortaz, ikertzaileek uste zuten bi pigmentuen geneak oso desberdinak izango zirela espezieen artean, mutazioek ez baitzuten animaliaren bizia arriskuan jarriko. Eta aurkakoa aurkitu dute; alegia, pigmentu horien geneak oso-oso antzekoak dira espezie denetan.
Gauza bera gertatzen da gauez bereizten ez den beste kolore baten pigmentuarekin ere, urdin-morearekin, hain zuzen. Horrek esan nahi du gene horiek hasieratik daudela, oso aspaldikoak direla. Galagoak eta antzekoak dira salbuespen bakarrak. Hortaz, badirudi primateen arbasoa egunekoa zela, eta gerora sortu zirela primate gautarrak. Dena den, ikertzen jarraituko dute, zenbait aditu ez baitaude ados. Izan ere, ez da erraza ehun urtetako ustea baztertzea ikerketa bakarrean oinarrituta.