Lehentasunak zehaztu dituzte tximino-baztangaren Afrikatik kanpoko agerraldien ikerketan
2022/06/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Tximino-baztangaren birusak gizakiak infektatzen zituela lehen aldiz jakin zenetik (1970an), ez da inoiz hainbeste jende kutsatu birusaren eremu endemikotik kanpo, hau da, Afrika mendebaldea eta Kongoko arroila. Horrek kezka piztu du, eta ikertzaile-talde batek fenomenoa ikertzeko lehentasun zientifiko eta sozialak zehaztu dituzte, The Lancet Infectious Diseases aldizkarian.
Artikulugileak Erresuma Batukoak, Portugalgoak, Nigeriakoak, Kongokoak eta Danimarkakoak dira, eta, haien esanean, egoerak eskatzen du lehenbailehen heltzea Osasun bakarra estrategiari; alegia, ingurumenaren eta animalien osasuna zaintzea, gizakion osasuna zaintzeko.
Horrez gain, argitu beharko litzateke Europan lehendik ari ote zen hedatzen tximino-baztanga, pertsonatik pertsonara. Izan ere, oraingo kasuek ez dute loturarik Afrikarekin. Argitu beharrekoa iruditzen zaie birusaren ezaugarriak aldatu ote diren, transmisioari edo birulentziari dagokienez. Hala ere, gogora ekarri dute DNA-birus bat dela, eta, beraz, RNA-birusak baino egonkorragoa dela. Gainera, azterketa genetikoek erakutsi dute Afrika mendebaldeko aldaeraren antzekoa dela (bestea baino onberagoa).
Deitoragarria irizten diote hainbeste azpimarratu izana gizonekin sexu-harremanak izan dituzten gizonen artean zabaldu dela. Horrek estigma sor dezakeela uste dute, eta horrek dakartzan kalteez ohartarazi dute. Horrenbestez, lehentasuna eman diote komunikazioa zaintzeari, bidezkoa izan dadin, eta ez estigmatizatzailea, komunitateari zuzendua, eta prebentzioa helburu duena. Eta gogorarazi dute, prebentzioa eta kasuen detekzioa eraginkorrak izateko, komunikazioa bi noranzkoetan izan behar dela.
Halaber, nabarmendu dute kutsatu gehienak 20-50 urtekoak direla. Horiek jada ez daude txertatuta baztangaren aurka, eta, beraz, ez dute txerto horrek ematen duen immunitate gurutzatua. Baina orain txertatu daitezke infektatuekin kontaktu zuzena izan dutenak, eta antibiral bat ere badago (tecovirimat). Haien ustez, garrantzitsua da txertoaren eta tratamenduaren erabilerak zehaztea, eta bermatzea behar dituzten guztiengana iritsiko direla.
Bestalde, tximino-baztangaren birusa karraskarien edo beste pertsonen bidez iristen da batengana. Dinamika hori ondo ezagutzea funtsezkoa da, ikertzaileen arabera. Baita osasun-langileak babestea ere.
Azken finean, uste dute tximino-baztangaren azken agerraldi horiek agerian jarri dutela zaintza- eta erantzun-sistema global eta sendo baten beharra. Hortaz, ezinbestekotzat jo dute horri babes ekonomikoa eta politikoa ematea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia