Leherketa magnetikoak espazioan
2001/03/29 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Atmosferaren muturrean magnetosfera dago, Lurra babesten duen ezkutu magnetiko naturala. Magnetosferak Eguzkiak igorritako kargadun partikulak oztopatu eta desbideratzen ditu eta Lurra bizitzeko egoki egiten du, baina ez da leku batere lasaia eta maiz ekaitz magnetikoak gertatzen dira han. Orduan, energia magnetikoa abiada bizian igortzen da.
Ekaitzek minutu batzuk edo egun batzuk iraun dezakete eta aurora ikusgarriak sortzeaz gain, satelite bidezko komunikazioak eten ditzakete. Ikertzaileek berrogei urte daramatzate energia magnetikoa hain azkar nola igor daitekeen ulertu nahian. Badago azken urteetan sortu eta indartu den teoria bat eta gaurko Nature aldizkarian teoria horrekin bat datozen datu esperimentalak argitaratu dira.
Espazioko energia magnetikoa higitzen ari den plasmak sortzen du. Plasma ioiez osatuta dago eta eremu magnetiko batekin topo egiten duenean, eremu hori indartzen duten higidura-patroi bereizgarriak hartzen ditu. Prozesuari dinamo deritzo eta planeta guztien nukleoan gertatzen denaren antzekoa da. Kontrakoa, ordea, energia magnetikoa plasmaren energia zinetiko nola bilakatzen den misterioa da. Hori argitzea funtsezkoa da hainbat galdera zientifikori erantzuteko, hala nola, izarren koroak azala baino beroago zergatik dauden jakiteko, edo fusio-esperimentuetan plasmak zergatik egiten duen ihes jakiteko.
Misterio handienetako bat energia magnetikoa hain agudo zergatik eta nola askatzen den argitzea da. Hori azaltzeko birkonexio magnetikoa gertatzen dela proposatu da azken urteetan. Eremu magnetikoa alderantzikatzen den eskualdeetan, eremu-lerro magnetikoek goma-zatiak bailira jokatzen dute, eta malguki gisa higituz askatzen dute energia (ikus irudia).Prozesu horretan, eremuaren energia magnetikoa eta plasma albo bietara jaurtitzen dira; aldi berean, eremu-lerroen erdialdean plasmaren presioa handitu egiten da eta eremu-lerroak barrualderantz bultzatzen ditu.
Birkonexio magnetikoaren eredu teorikoa satelite bidezko datuek berresten dute, baina arazo handi bat izan du orain arte. Eremu-lerroak irudikatzeko bi eredu proposatu zirela eta datu batzuek baten alde egiten zutela eta beste batzuek bestearen alde. Irudiko 2a eredua ongi lotzen da plasmarentzat neurtu diren irteera-abiadurekin baina konputagailu bidezko ereduek 50eko hamarkadan proposatutako 2b ereduaren alde egiten dute batik bat. 2b ereduarekin, ordea, fenomenoa zergatik den lehergarria ezin daiteke azaldu.
Orain urte gutxi, 2b eredua eta lehergarritasuna lotuko zituen portaera berri bat definitu zen plasmarentzat eta, hain zuzen, portaera hori lehen aldiz behatu dela ematen da aditzera gaur Nature aldizkarian. Eremu magnetikoa alderantzikatzen den eskualdean elektroiek eta protoiek ez dutela elkarrekin higitu behar postulatu zen eta plasma-uhin berri bat definitu zen, plasma xuxurlaria. Plasma xuxurlaria elektroiak asko azeleratu, eremu magnetiko berezi bat sortu eta 2b ereduan ere leherketak eragiteko gai da.
Plasma xuxurlaria orain urte batzuk detektatu zen eta orain haiek sortutako eremu magnetiko berezia detektatu da. Behaketak iragarpen teorikoekin bat datoz eta interes handia piztu dute zientzialarien artean, nahiz eta guztiak dauden baieztatzeke. Horretan, ESAk dagoeneko martxan duen Cluster II misioak eta NASAk buruan duen Magnetospheric Multiscale misioak lagun dezakete.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia